Microsite es: . Grupo:
You are here

Zure galderak

Zure galderak

Nanozientziari eta nanoteknologiari buruzko informazio argi eta erabilgarria zabaldu nahi dugu galdera-erantzun sistema erabiliz. Ez baduzu aurkitzen nahi duzun informazioa, bidali zure galdera eta lehenbailehen erantzuten saiatuko gara.

Galdera-erantzunak

Zer da nanometroa?

Nanometro bat metro baten mila milioiren bat da, 10-9 metro.

1 m = 1 000 000 000 nanometro

1 mm = 1 000 000 nanometro

1 μm = 1 000 nanometro

1 nm = 0.001 μm = 0.000 001 mm = 0.000 000 001 m

Zer da nanozientzia?

Nanozientzia eskala oso txikian egindako zientzia da: nanoeskalan. Nanoeskalan, 0,1 eta 100 nanometro artean (erradio atomikotik urruneko izpi ultramorearen uhin luzerara), materiaren oinarrizko osagaiak aurkitzen dira, baita biologiaren oinarrizko egiturenak ere: Baina tamaina ez da garrantzitsua den bakarra. Materiaren izaera eskala honetan oso berezia da. Eskala honetan aurkitzen ditugun objektuak atomo bat baino handiagoak izan ohi dira (atomo eta molekula kantitate garrantzitsuak izan ditzakegu), baina era berean nahiko txikiak dira euren propietateak mikro eta makro eskalan izan ditzaketen propietateetatik bereizteko. Are gehiago, fisika eta kimika ezberdintzen zailak dira eskala honetan eta diziplina klasikoak - fisika, kimika, biologia eta materialen ingeniaritza - nahastu egiten dira nanozientzia deritzogun diziplina sortuz.

Zer da nanoteknologia?

Nanoteknologia nanoeskalan dauden estruktura berriak diseinatzeaz eta ekoizteaz arduratzen da, horretarako hauen forma eta tamaina kontrolatuz.

Nola uler dezakegu mundua maila kuantikoan, maila mikroskopikoan intuitzen ditugun legeen horren desberdina denean?

Materiaren jokaera maila kuantikoan, mekanika kuantikoak definitzen du. Jokaera horrek ez du zerikusirik gure eguneroko bizipenetan ikusten ditugun fenomeno tipikoen jokaerarekin, eta horregatik, oso zaila da hau induitzea.

Cornell Unibertsitatean 1964an emandako konferentzia batzuetan Richard Feynman fisikari teorikoak zera esan zuen: "Uste dut segurtasun osoz esan dezakedala inork ez duela mekanika kuantikoa ulertzen" 1.

- - -

1 Feynman, Richard (1965). The Character of Physical Law. Modern Library.

Galdera hau 2017ko apirilean egin zen 10alamenos9 jaialdiaren testuinguruan bidali zioten nanoGUNEri.

Zer arrisku dakartza ingurumenean partikula hain txikiak askatzeak?

Zenbait erakundek nanopartikulak zer diren definitzeko proposamen desberdinak egin dituzte. Kontuan izan behar dugu, orokorrean, «mikro» eta «nano» dimentsioen arteko muga 100 nanometrotan (nm) dagoela. Beraz, bere hiru dimentsioetan 100 nm baino gutxiago neurtzen dituen partikula bat da nanopartikula bat.

Galderaren erantzuna partikula motaren eta bere diametroaren araberakoa da, baita askatzen den inguruarena ere. Hori ez da berria, ordea. Adibide ezagun eta ohikoetako bat asbestoa da; ez da kaltegarria matrize bat eratzen duenean, baina bere zuntzek biriketako minbizia eragiten dute. Beste adibide bat diesel ihes-hodiak dira: isurtzen dituzten kedar-nanopartikulak kutsatzaileak dira.

Ikusten dugunez, kimikaren eta diametroaren arteko uztarketa ez da berria; bai, ordea, substantzia eta diametro «aniztasuna». Mundu osoko ikertzaileak ari dira erabilera industrialerako nanopartikula «premiazkoenak» identifikatzen. Helburua, nanportikulon erabilera orokortu aurretik euron toxikotasuna aztertzea da. Horregatik daude, adibidez, pinturan, telefono mugikorretan eta eguzkitako krematan erabil daitekeen zink oxidoaren (ZnO) inguruko azterketa ugari.

Laburbilduz, ez ditugu ezagutzen sistemetako askoren arriskuak, baina aurrerapenak egin dira jada merkatuan dauden1 edo berehala merkaturatuko direnen ebaluazio sakonean. Horietako asko ez dira kaltegarriak izango, beste batzuk, aldiz, oso toxikoak izan daitezke, eta izango dira ere inguruaren edo zer organismorekin kontaktuan sartzen diren arabera efektu bat edo beste izango dutenak. Horregatik, ados gaude Los riesgos de la nanotecnología liburuaren autoreekin honako hau diotenean: «Nanoteknologiatik atera ditzakegun onuren arriskuak kontrolatzea beharrezkoa da. Horregatik, komunitate zientifikoan, gizarteko beste maila batzuekin elkarlanean betiere, etenik gabe ari gara arlo hori lantzen» 2.

- - - 

1 Kontuan izan behar da nanopartikulak sailkatzen hasi baino lehenago, bazeudela dagoeneko merkatuan mota horretako substantziak zituzten produktuak. Are gehiago, naturan bertan ere aurki daitezke dimentsio nanometrikoko partikulak.

2 Los riesgos de la nanotecnología. ¿Qué sabemos de?, M. Bermejo y P. Serena. CSIC eta Los Libros de la Catarata, 2017.