Microsite es: . Grupo:
You are here

Grafenoaren alorreko 650 inguru baino gehiago elkartu dira Donostian

10/09/2018

Gaur hasi da Graphene Week 2018 nazioarteko kongresua Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian, CIC nanoGUNE ikerketa-zentroak antolatuta. Graphene Week kongresua Graphene Flagship proiektuaren kongresu nagusia da. Eta Graphene Flagship proiektua, aldiz, Europaren historiako ikerketa-proiektu handienetako bat da, 150 bazkide baino gehiago dituena 1.000 milioi euroko aurrekontuarekin.

Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariak eta kongresuko presidenteak gaur goizean ongietorria egin die 47 herrialdetatik etorritako 650 adituri. Grafenoaren eta bi dimentsioko beste materialen ikerketan adituak dira guztiak, eta Graphene Week kongresuan parte hartuko dute astebetez. “Euskal Herrian nanozientziaren arloan puntako ikerketa egitea da gure helburua, gure gizarteak nanoteknologiaren aurrerapenen aitzinean probetxua atera dezan”, adierazi du Pitarkek.

Kongresua egiteko Gipuzkoako hiriburua aukeratu izana, azken hamarkadetan EAEn ikerketaren eta berrikuntzaren alorrean egin den apustu garbiaren erakusleiho da. Izan ere, hainbat euskal ikerketa-zentro Graphene Flagship proiektuko kide dira, hala nola nanoGUNE eta bere start-up Graphenea, Tecnalia, energiGUNE eta biomaGUNE.

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da irekiera-ekitaldiaren buru. “Guretzat oso garrantzitsua da kongresu hau Donostian egitea, hiriburuko industria- eta teknologia-kultura ezagutarazteko. Horregatik, ongietorria egiten diogu etorkizuneko materialaren, alegia, grafenoaren ikerketari eta azterketari”, azpimarratu du Urkulluk.

Irekiera-ekitaldian parte hartu dute, halaber, Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariak eta Graphene Week 2018 kongresuaren presidenteak, Jari Kinaret Graphene Flagship-eko zuzendariak, Jean-Francois Buggenhout Europako Batzordeko goi-ordezkariak, Markel Olano Ahaldun Nagusiak, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburuak, Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak eta Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko Foru Diputatuak.

Graphene Week 2018 nazioarteko kongresuaren helburua da grafenoaren eta bi dimentsioko beste materialen ikerketan lortu diren azken aurrerapausoak ezagutaraztea. Horretarako, jarduera-programa aparta prestatu dute: besteak beste, Andre Geim Fisikako Nobel saridunak eta energia-metaketan aditua den Cambridge Unibertsitateko Clare Grey ikertzaileak emango dituzten hitzaldiak, puntako 30 hizlari gonbidaturen hitzaldiak, 95 ahozko aurkezpen eta 300 bat poster.

Gainera, jakintza-alor anitzeko topaketa interesgarriak ere izango dira Graphene Week 2018 kongresuan. Esaterako, Graphene for human space workshop-ean grafenoak espazioan izan ditzakeen aplikazio ezberdinak aztertuko dituzte, Europako Espazio Agentziaren (ESA) eta NATOren laguntzari esker; Graphene Innovation Forum berrikuntza-foroan grafenoak eta harekin zerikusia duten materialek merkatuan eta industrian izan ditzaketen aplikazioak izango dituzte aztergai; eta AEB-Europa Nazioarteko Workshop-a ere antolatu da, National Science Foundation-arekin elkarlanean. Graphene Week 2018 kongresuak Women in Graphene ekimenerako tartea ere izango du; zientzian emakumeen presentzia sustatzeko eta komunitate zientifiko anitzago bat sortzeko helburua du ekimen horrek.

Kursaal Jauregian kongresuaz gain grafeno-produktuen erakusketa ere izango da; baita Europako enpresen eta startup-en istorio arrakastatsuen bilduma ere.

Graphene Flagship proiektua

Graphene Flagship proiektua Europako Batzordearen ikerketa-ekimen handienetako bat da. 1.000 milioi euroko aurrekontua du, eta elkarlanean ikerketarako bide berri bat eskaintzen du inoiz ez bezalako eskalan. Graphene Flagship-aren helburu nagusia da grafenoa eta bi dimentsioko materialak laborategietatik Europako gizartera eramatea, 10 urteren buruan hazkuntza ekonomikoa erraztuz eta lanpostu berriak sortuz. Akademiako zein industriako 150 bazkide inguru dituen partzuergo bati esker, ikerketarako ahalegin horrek guztiak produkzio-kate osoa hartzen du bere baitan, materialen ekoizpenetik hasita, osagaietan eta sistemetan txertatzeraino. Halaber, grafenoaren eta bi dimentsioko beste materialen ezaugarri paregabeak ustiatzeko zenbait helburu ardazten ditu.

Graphene Week kongresua Graphene Flagship proiektuaren kongresu nagusia da, eta azken urteetan Atenasen, Varsovian eta Manchesterren antolatu ondoren, aurten Donostian izango da irailaren 10a eta 14a bitartean.

x
Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak eta nabigazio esperientzia hobetzeko.
Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula. Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.