Microsite es: . Grupo: 1

CIC nanoGUNEk 3D inprimaketako eta detekzio-sistemetako bere azken teknologiak erakutsiko ditu Basque Industry 4.0n

CIC nanoGUNEk 3D inprimaketako eta detekzio-sistemetako bere azken teknologiak erakutsiko ditu Basque Industry 4.0n

19/11/2019

Basque Industry 4.0 azokaren 6. edizioa izango da Barakaldoko BECen, bihar eta etzi (azaroak 20 eta 21), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak SPRI Taldearen bitartez antolatuta. Bertan izango dira euskal enpresetako ordezkariak, besteak beste, CIC nanoGUNE ikerketa-zentrokoak, laugarren industria-iraultzaren etorkizuna eta ikerketa osatuko duten teknologia guztiei buruzko hitzaldiez, erakustaldiez eta tailerrez gozatzeko.

“Nanozientzia eta nanoteknologia dira benetako eraldaketen egile nagusiak, eta industriaren balio-kate osoan daude, eta egongo dira. Horregatik, garrantzitsua da eremu horretan olatuaren gailurrean egotea, gure industria etorkizunean lehiakorra izatea nahi badugu”, adierazi du Ainara Garcia Gallastegui nanoGUNEko Teknologia Transferentziako arduradunak.

NanoGUNE Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako beste kide batzuekin batera izango da stand-ean, eta 3D inprimaketako eta detekzio-sistemetako azken teknologiak erakutsiko ditu. Batetik, patente-eskaerarekin berriki babestutako teknologia berritzaile bat azalduko du: NovaSpider 3D inprimaketa-ekipoa, zeina gai baita ausaz orientatutako nanozuntzezko eta doitasunez kontrolatutako mikrozuntzezko mintz-geruza ehundu gabeez osatutako materialak sortzeko.

NovaSpider-ek sortutako egituren aplikazio-eremuak askotarikoak eta etorkizun handikoak dira. Ekipoak aukera ematen du material konposatu sendoak, arinak, porotsuak eta azalera espezifiko handikoak diseinatzeko, nanozuntz polimerikoetatik abiatuta. Nanozuntz horien izaera, diametroa, itxura eta morfologia erraz eta eraginkortasunez modulatu daitezke. Horrelako egiturek interes handia pizten dute hainbat eremutan, hala nola birsorkuntza-medikuntzan, ehunak birsortzeko aldamio gisa erabiltzen baitira; biomedikuntzaren alorrean, egitura horiek funtzionalizatu egiten dira, eta erabiltzen dira botikak modu kontrolatuan askatzeko eta zauriak babesteko; eta energiaren sektorean, non superkondentsadoreetan katalizatzaile gisa zer funtzio duten aztertzen baita.

Era berean, ehungintzan eta paketatze-sektorean duen aplikazioa azpimarratu behar da. Izan ere, lortu nahi da elikagaien kontserbazioa hobetzea eta material plastikoen ordez material biodegradagarriak erabiltzea. Orain arte probatutako lagin-bankua zabala da: azukreak, proteinak, kolagenoa, gelatina, zelulosa, etab. Teknologia oso moldakorra dela erakusten du horrek. Material horiek, paketatze-kartoiaren gainean jarrita, kartoiak elikagaiekin kontaktuan jartzeko behar dituen hesi-propietateak eskaintzen dituzte. Hala, orain arte film plastikoak eskaintzen zuen funtzioa ordeztu nahi dute, eta, horren ordez, erabat biodegradagarria den estaldura bat jarri.

Elektrospinnig-ean aditua den Wiwat Nuansing doktoreak eta mekatronikan espezializatua den Javier Latasa ingeniariak —zeina ikertzaile baita Alexander Bittner nanoGUNEko Ikerbasque ikertzailea buru duen Automihiztadura Taldean— azken urtetan egindako lanaren emaitza da proiektua. 3D inprimaketa-industriako adituen laguntzari esker, estandar altuenak betetzen ditu ekipoak, eta sektoreko azken aurrerapen teknologikoak barneratu ditu.

Bestalde, nanoGUNEren espezializazioetako bat detekzio-sistemak eta monitorizazioak dira. Horren erakusgarri da Andreas Seifert Ikerbasque ikertzailea buru duen Nanoingeniaritza Taldeak alzheimerra goiz detektatzeko egindako ekarpena. Industry 4.0 delakoaren adibide garbiak dira Elkartek lankidetza-esparruaren barnean (Eusko Jaurlaritza) nanoGUNEn garatzen den teknologia fotonikoen konbinazioa eta aldagai anitzeko analisia eta Tecnaliako Computer Vision taldeak machine deep learning (ikaskuntza automatikoa) arloan egindako azken aurrerapenak. Gaur egun, bioosasunaren sektoreko aplikazioetara bideratzen ari dira garapenak; adibidez, parametro fisiologikoak monitorizatzera, eta, bereziki, oxigeno-gabeziak eragindako gaixotasunetara edo Alzheimer gaixotasuna goiz detektatzeko sistemetara. Bestalde, ikerketak industria-sektorea ere hartzen du bere baitan, non elikagaien kalitatearen kontrolarekin lotutako azterketak baitira ardatza —mikroplastikoen detekzioa barne—, detekzio-sistemen eta ikaskuntza-algoritmo matematikoen konbinazioan oinarrituta.

Basque Industry 4.0ri buruz

Basque Industry 4.0 ekitaldiaren helburua da 4.0 industriaren eta zibersegurtasunaren inguruko eragile publiko, pribatu eta enpresa guztien ezagutza eta esperientziak partekatzea. Topaketa honetan garrantzi berezia izango dute TEIC tresnek, prozesu industrialak optimizatzeko laguntza gisa: fabrikazioaren diseinuari, garapenari, ekoizpenari, logistikari eta kudeaketa integratuari laguntzeko tresna adimendunak. Teknologiaren eta ikerketaren etorkizunari begira.

x
Hirugarrenen cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak aztertzeko eta zure lehentasunekin lotutako publizitatea erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Cookie-en erabilera konfiguratu edo baztertu dezakezu, edo informazio gehiago lortu HEMEN.