Microsite es: . Grupo: 1

Itsasoetan plastikoen presentzia murrizteko eta saihesteko erronka soziala eztabaidagai

Itsasoetan plastikoen presentzia murrizteko eta saihesteko erronka soziala eztabaidagai

16/10/2019

Gure ozeanoetan dagoen itsas-zabor guztiaren artean, plastikoak gero eta ugariagoak dira, eta itsas-ekosistemei eta geuri ere eragiten digu. Horrenbestez, ahal den neurrian, eragin horiek ulertu, saihestu eta neutralizatu egin beharko lirateke. Horregatik, CIC nanoGUNE nanozientziako euskal zentroak Plastics in our ocean. A micro or macro challenge? jardunaldia antolatu zuen urriaren 1ean eta 2an, Zubigunerekin elkarlanean. Jardunaldi hori Europako Batzordeak finantzatu zuen EKLIPSE, Knowledge & Learning Mechanism on Biodiversity and Ecosystem Services Europako proiektuaren baitan.

Gure ozeanoetan plastikoen eta mikroplastikoen presentzia murrizteko eta saihesteko erronka soziala zeharka eta modu irekian aztertu zen, egun eta erdiko europar jardunaldi horretan. Mikroplastikoak plastiko txiki-txikiak dira, hiru dimentsioetan 5mm baino txikiagoak direnak eta ozeanoetako biztanleek erraz irentsi ditzaketenak. Zehatzago esanda, hiru helburu nagusi hauek lortu nahi ziren: ozeanoaren egoera eta egungo ondorioak ulertzea, konponbide posibleak partekatzea eta gai horri buruz dauden arazoak eta oztopoak identifikatzea, erronka hori lortzeko moduko errealitate bat bilaka dadin.

Europa osotik etorri ziren parte-hartzaileak: Portugaletik, Greziatik, Alemaniatik, Esloveniatik… eta esparru ezberdinetako jendea bildu zen jardunaldian: zientzia, teknologia, industria, eragile politikoak eta gizartea oro har. Esparru horiek ordezkatuz egon ziren, esaterako, Europako Batzordearen Itsas eta Arrantza Gaien Zuzendaritza Nagusia (DG MARE), Nestlé España, Duni eta SUEZ enpresak eta unibertsitateetako ordezkariak (UPV, Salerno (Italia), Leuphana (Alemania), eta abar), ikerketa-zentroak eta Europako GKEak.

17 parte-hartzaileko taldeak honako galdera hau egin zuen: zeintzuk dira ozeanoetako plastikoak eta mikroplastikoak murrizteko edota prebenitzeko beharrezkoak diren ekintzak? Europar Batasuneko erabilera bakarreko plastikozko produktuen produkzioan, material horien birziklatzean, herrialde azpigaratuei "zaborra" esportatzeko kuotetan eta errausketarako aukeretan oinarrituta, hurrengo 5 urteetan plastikoa murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko beharrezkoak diren ekintzak identifikatu zituzten. Horretarako, erraz eskuratzeko moduko informazio gardena sortu behar zela nabarmendu zuten eta, ekonomia zirkularraren garrantzia azpimarratu zuten. Azken horrek plastikozko zaborraren erabilera lehengai gisa erabiltzea proposatzen du, plastikozko produktu berriak ekoizteko. Gainera, ildo horretan, etiketa ekologiko bat sortzea proposatu zuten, informazio ulerterraz eta gardena eskainiz kontsumitzailea produktu edo ontziratze horren eragin globalaren jakitun izateko.

Mota honetako jardunaldiak Europako Batzordearen ikerketaren eta berrikuntzaren estrategia baten baitan daude. Estrategia horren helburua da gaur egungo gizartearen erronka konplexuak zeharka jorratzea gizartearen beharrekin eta itxaropenekin hobeto lerrokatzen diren irtenbideak eraikitzeko. NanoGUNEko Nagore Ibarra Gonzalez eta Mato Knez ekitaldiaren koordinatzaileen hitzetan, "jardunaldi horiek ikerketa eta berrikuntza jasangarriak bermatzen laguntzen dute gizakion, ingurumenaren zein ekonomiaren arloan". Ekitaldia oso positiboki baloratu dute antolatzaileek eta parte-hartzaileek, eta "interes handia erakutsi dute ildo horretan lanean jarraitzeko eta erronka horri erantzuteko konpromisoa hartzeko", gaineratu dute.

Plastikoaren ordezkoak nanoGUNEn

Plastikoren ordezkoak aurkitzeko kontzientzia sozialarekin bat eginez, ontziratze erabat biodegradagarria eskaini dezakeen teknologia baten aldeko apustua egin du nanoGUNEk. Ainara Garcia Gallastegui nanoGUNEko Teknologia Transferentziako arduradunak azaldu duenez, "esnearen kaseina bezalako azukre edo proteina naturalekin zuntz-egiturak sortzeko gaitasuna duen teknologia bat garatu dugu". Garatutako konposatu horiek, adibidez, zuzenean elikagaien ontziratzean erabil daitezkeen film bilaka daitezke, ontziratzeko plastikoa ordezkatuz. Era berean, erabilera bakarreko ontziratzeko plastikoa ordezkatzeko beharra ikusita, begiradak kartoizko ontziratze baterantz doaz. "Gure teknologiak — azaldu du Garcia Gallasteguik — kartoiaren gainean erabat biodegradagarria den estaldura bat eskaini dezake, elikagaiaren eta ontziratzearen gainazalaren artean behar diren propietateak eskainiz". Azken batean, "erronka da plastikorik gabeko ontziratze bat sortzea, baina bere funtzionaltasun osoa mantenduz" gehitu du.

Elkarrizketa edo eztabaida horren guztiaren emaitzak eta bateratzea laster argitaratuko dira webgunean: https://www.nanogune.eu/event/plastics-our-ocean-micro-or-macro-challenge