Microsite es: . Grupo: 1
You are here

Nanopartikulak botikak garraiatzeko

Nanopartikulak botikak garraiatzeko

24/11/2020

Donostiako CIC nanoGUNE eta KUSUDAMA Therapeutics SL zentroak lankidetzan ari dira banakako nanopartikuletan botiken edo farmakoen karga errealaren neurketa aztertzen, biriketako zenbait gaitz tratatzeko.

Nanopartikulek tamainagatik oso propietate fisiko desberdinak dituzte material makroskopikoekin alderatuta, nahiz eta osaera kimiko bera izan. Horregatik, nanopartikulak botikak garraiatzeko erabiltzeak iraultza ekarri du nanoteknologiaren eta medikuntzaren alorrean.

“Sendagai bat ematerakoan funtsezkoa da medikamentua modu eraginkorrean ematea nahi den lekuetan, errendimendua eraginkorra izan dadin. Nanopartikulak gai dira botikak hartu eta nahi den lekura eraginkortasunez eramateko. Alde horretatik, komeni da nanopartikulak ahalik eta farmako kantitate handienarekin kargatzea, baldin eta partikula egonkor mantentzen bada”, azaldu du Iban Amenabar nanoGUNEko Nanooptika taldeko ikertzaileak. “Horretarako, jakina, neurtze-teknikak behar dira nanopartikuletan dagoen botikaren kantitate erreala neurtzeko. Baina hori ez da lan erraza —jarraitu du ikertzaileak—. Ohiko neurketa-teknikek (adibidez, Fourier-en transformatu bidezko espektroskopia infragorriak, FTIR) bereizmen espaziala eta sentikortasun mugatua eskaintzen dute, eta milaka nanopartikula dituzten laginetan soilik neur daiteke botikaren kantitatea. Zoritxarrez, farmakoaren kantitate hori ez da adierazgarria, gerta baitaiteke farmako hori ez egotea nanopartikuletan gordeta edo kargatuta, eta, ondorioz, ez garraiatzea eta ez ematea”. Beraz, “nanopartikulen karga erreala eta eraginkorra ezagutzeko, banakako nanopartikuletan dagoen botikaren kantitatea neurtu behar da. Horretarako, nanoGUNEn garatutako Fourier-en transformatu bidezko nanoespektroskopia infragorriaren teknika (nano-FTIR) erabili dugu. Teknika berri horri esker, irudi optikoak nahiz xurgapen-espektroak neur daitezke, dena bereizmen eta sentikortasun nanometrikoarekin. Lankidetza horri esker, nanopartikula indibidualetan botikak neurtu eta identifikatu ahal izan dira lehenengo aldiz”, gehitu du.

Nano-FTIR teknikak bi gauza konbinatzen ditu: batetik, ahalmen analitikoa, hau da, Fourier-en transformatu bidezko espektroskopia infragorriaren (FITR) informazio kimikoa, eta bestetik, indar atomikoko mikroskopiaren (AFM) nanoeskalako bereizmen espaziala.

“Lankidetza honetan, hain zuzen ere, nanopartikulak aztertzeko espektroskopia-teknika berriak duen potentziala baieztatu dugu. Horri esker, gai izan ginen Kusudama Therapeutics S.L. erakundeak biriketako zenbait gaitzen tratamendurako garatutako formulazioen nanopartikuletan botikak neurtzeko eta identifikatzeko”, azaldu du Iban Amenabarrek.

Garrantzitsua da aipatzea lankidetza honek bide berriak ireki dituela nanopartikulen kontrol handiagorantz eta botika ugarirekin garapen berriak egiteko.

Donostiako Sustapenak proiektu honetan ematen duen laguntza Bonu Teknologikoen programaren bidez gauzatzen da, CIC nanoGUNErekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan tokiko enpresa eta pertsona ekintzaileen osagai teknologikoa duten proiektuak sustatu eta garatzeko, transferentzia teknologikoaren eta Donostiako ikerketa-zentroetan garatutako ezagutzaren bidez.

Tags: