Related news by tag ALD

CTECHnano, nahierarako konponbideak industriarentzat

Thin-film coatings edo "geruza meheko estaldurak" deritzen alorrerako konponbideak eskaintzen ditu nanoGUNEren ekimenez eta, AVS eta Cadinox enpresekin elkarlanean, berriki sortutako CTECHnano enpresak. Geruza atomikoen jalkitze-teknologietan (ALD, Atomic Layer Deposition) espezialista da enpresa, eta lantalde oso trebatua du, bezeroaren premiei erantzuteko prestatua.

"Prozesuak eta produktuak garatzeko konponbideak eta aholkularitza ematea enpresei, hori da helburua, bai eta garapen hori euren instalazioetan egiteko tresnak edo baliabide teknikoak ere eskaintzea", adierazi du nanoGUNEko Nanomaterialen Saileko buru eta CTECHnanoren aholkulari zientifiko den Mato Knezek Ikerbasque ikerlariak.

CTECHnanoren bezeroen profila, berriz, hau da: geruza meheko estalduren alorreko premiak asetzeko edo prozesuak eta produktuak hobetzeko konponbide berritzaileak behar dituena. “Merkatu berriak zabaltzeko berrikuntzan oinarritzen diren sektoreak ditugu helburu. Izan ere, duela hogei edo berrogeita hamar urte bezalaxe ekoizten dute sektore askok", dio Mato Knezek. "ALD teknologiaren bidez industria horiei berritzen laguntzea da gure eginkizuna. Materialen funtzionalitate eta propietateak egokitu eta hobetu egin daitezke berrikuntza aplikatuta, eta produktu berriak sortu", gaineratu du. Eskarmentu handia du CTECHnanok zenbait materialetan ALD teknologia aplikatzen. "Material berriak garatzeko bere neurrirako konponbidea behar badu bezeroren batek, guk eskaini egiten diogu, horretarako aukerarik baldin badago behintzat. Badugu laginak estaltzeko behar den tresneria, bai eta nanoGUNEko Nanomaterialen Sailaren eskarmentua ere, teknologia horren erabileran eta garapenean erreferentea", dio Knezek.

Zergatik erabili behar den ALD teknologia?

Materialen propietateak aldatzeko aukera ematen du ALD teknologiak. Substratuaren gainean jalkitzen da nanometro gutxiko geruza mehe bat, eta haren azalera osoa estaltzen du. Jatorrizko materialaren propietateetako askori bere horretan eusteaz gain, beste propietate batzuk bereganatu ere egiten ditu materialak estaldura-mota horiei esker.

Nahi den lodiera horretan film meheak eskala atomikoan jalkitzeko metodo oso doia eskaintzen du ALD teknologiak. Gainera, berehala garatzen dira material desberdinetako geruza anitzeko egiturak. Mikroelektronika eta nanoelektronika modernoetan erabiltzen da, dagoeneko, teknologia hori, prozesuaren doitasuna eta erreproduzigarritasuna direla eta. Normalean, beste jalkitze-prozesu batzuek baino tenperatura baxuagoetan egiten du lan ALD teknologiak; adibidez, hutseko jalkitze-prozesuek, lurrun bidezko jalkitze kimikoak (CVD, Chemical Vapour Deposition), lurrun bidezko jalkitze fisikoak (PVD, Physical Vapour Deposition) eta lurruntze termikoak baino baxuagoetan. Substratu hauskorrekin lan egiteko aukera ematen dute, gainera, prozesatze-tenperatura baxuek; besteak beste, lagin biologikoekin edo polimerikoekin. Alde txiki baina garrantzitsu hori dela eta, ALD teknologia hautatu ohi da zenbait aplikazio berritarako; adibidez, elektronika malgurako eta material konposatuen diseinurako.

Lantalde bikaina

Profesional oso trebatuak ditu enpresa horrek. nanoGUNEren ekimenez sortu zen CTECHnano; ondoren, proiektuarekin bat egin zuten AVS eta Cadinox enpresek. Teknologiamerkatuetan ekipamendua diseinatzen, fabrikatzen, txertatzen, probatzen eta entregatzen eskarmentu handia dute AVS eta Cadinox enpresek. "Bazkide sendo eta idealak dira, biak ala biak, CTECHnanorentzat", dio enpresa proiektuaren buru den David Talaverak. "Hau da garrantzitsuena: bezeroen beharretara egokitzeko gaitasun zientifikoa eta teknologikoa dugu

denok elkarrekin jardunda, eta guztiontzat da hori mesedegarri", adierazi du Talaverak.

CTECHnano helbidea www.ctechnano.com da.

CIC nanoGUNE

Donostiako nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboa xede honekin sortu zen: nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean bikaintasuneko ikerketa egitea, Euskal

Herriko ekonomiaren lehiakortasuna areagotzeko.

AVS

Sektore hauetarako egiten du ekipamendu zientifikoa AVS enpresak (Added Value Solutions): astrofisikaren eta partikulen fisikaren alorretarako, sektore aeroespazialerako, neutroi-iturrietarako eta X izpien arlorako. Goi-doikuntzako tresneria diseinatzen eta egiten du AVSk zenbait sektore zailetarako; besteak beste, huts ultragoiarekin, erradiazioarekin, eremu magnetiko handiekin eta tenperatura kriogenikoekin jarduteko. Tresnak diseinatzeaz eta egiteaz gain, muntatu, azken probak egin eta entregatu ere egiten ditu, EN 9100 arauen arabera. Goi-mailako eduki teknologikoko aplikazioetarako konponbide eraginkorrak, fidagarriak eta berritzaileak eskaintzen ditu AVSk. Enpresa irekia, malgua eta sortzailea da, eta beti dago prest proiektu berriei ekiteko eta desafio berriak bereganatzeko.

CADINOX

Enpresa familiarra da CADINOX, eta 1966az geroztik ari da osagai mekanosoldatuak egiten instalazio berezi eta konplexuetarako. Hona lantegiaren ezaugarriak: Belauntzan dago; 8.600 m2ko azalera estalia dauka; 65 tonarainoko manipulazio-ahalmena du, eta 65 laguneko profesional-taldea, ongi trebatua. Konponbide osoak eskaintzeko behar diren prozesu guztiak egiten ditu: ebaketa, konformazioa, soldadura, prozesu horiei dagozkien saiakuntza ez-suntsitzaileak, gainazalen tratamendua eta azken mekanizatua. Azken probak eta muntaketa mekanikoko probak ere egiten ditu.

Subscribe to