Related news by tag Electronic transport

Grafenozko nanoimanak informazio-teknologia azkarrago eta jasangarriagoak lortzeko

Ikerketa-proiektuak lau urteko iraupena izango du, eta kide hauez osatuta dago: IBM Research, Donostia International Physics Center, Santiago de Compostelako Unibertsitatea, Delfteko Unibertsitate Teknikoa eta Oxfordeko Unibertsitatea. Bileran, proiektuaren abiapuntua ezarri da. Europan aitzindari diren sei ikerketa-erakunde hauen partzuergoak 3,5 milioi euroko funtsa jaso du Europar Batzordetik. Horizon 2020 FET-Open deialdi oso lehiakorrean izan da hautatua; hain zuzen ere, arrisku handiko eta eragin handiko abangoardiako diziplinarteko zenbait ikerketa-proiektu finantzatzen dituzte, etorkizuneko teknologia erabat berrietarako oinarriak ezarri behar dituztenak.

Neurrira egindako grafenozko nanoegitura magnetikoak fabrikatzeko eta horien ahalmena gailu kuantiko espintronikoen oinarrizko elementu gisa probatzeko partzuergoko kideek egin dituzten azken aurrerapen zientifikoak konbinatzen dira SPRING proiektuan. Epe luzeko helburu gisa ezarri dute grafeno hutseko plataforma bat garatzea, ingurumena errespetatzen duena, eta zeinetan spinak erabili ahal izango diren informazioa garraiatzeko, metatzeko eta prozesatzeko.

Spin-a elektroien propietate intrintsekoa da, iman ñimiñoak bailiran jokatzera eramaten dituena. Esaterako, material ororen elektroi guztiek daukate karga bat eta spin bat, azken hori erabakigarria da magnetismoan. 

Zientzialarien komunitatea bat dator spina dela materiaren propietate ideala kargan oinarritutako egungo nanoelektronikatik haratago joan eta beste osagai azkarrago eta energetikoki eraginkorrago batzuk lortzeko; horixe da hain zuzen ere espintronika kuantiko esaten zaion teknologia berriaren oinarria. Grafenoan spinak sortu eta detektatzeko oinarrizko legeak ikertuko ditu SPRING proiektuak, alegia, nola irakurri eta idatzi spinak, eta nola erabili informazioa transmititzeko.

Jose Ignacio Pascual Ikerbasque Ikerlaria da CIC nanoGUNEn, eta proiektuaren koordinatzaile zientifikoa ere bada; Pascualek azaldu duenez, “grafenoa egokia da etorkizuneko informazioaren teknologietarako, forma zehatza duten pusketak zehaztasun atomikoarekin ekoitz ditzakegulako. Proiektu honetan bere propietate magnetikoak aztertuko ditugu eta gailu kuantikoetan txertatzeko aukerak ikusiko ditugu”.

Subscribe to