Microsite es: . Grupo:
You are here

Emakume zientzialariaren eguna Donostian lau ikerketa-zentroren eskutik

10/02/2019

Donostia International Physics Center-ek (DIPC), Materialen Fisika Zentroak (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC nanoGUNEk eta CIC biomaGUNEk bat egin dute otsailaren 11n, astelehena, Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna ospatzeko programazio bateratua aurkeztuz. Donostian, otsailaren 15era arte, ostirala, luzatuko da programazioa; hitzaldi publikoak, tailerrak, bisitak eta mintegiak egingo dira ikerketa zentro antolatzaileetako 50 boluntario baino gehiagoren laguntzaz. Ekimenak mezu garbi bat zabaldu nahi du: Zientzia BADA nesken kontua.

Otsailaren 11n, astelehena, jarriko da martxan programazioa. Arratsaldeko 7etan, Koldo Mitxelena Kulturgunean, «Eskuz esku» hitzaldi laburrak antolatu dira. Bertan, gure zentroetan emakume eta gizonen arteko elkarlan zientifikoari esker egiten den ikerketa jarduera ezagutaraziko da formatu berri baten bidez. Honako zientzialariek hartuko dute parte: Reyes Calvo (CIC nanoGUNE) eta Miguel Moreno (DIPC-CFM); Celia Rogero (CFM) eta Sebastian Bergeret (DIPC-CFM); eta Aitziber López Cortajarena (CIC biomaGUNE) eta Fernándo López-Gallego (Zaragozako Unibertsitatea/CIC biomaGUNE).

Programazioan badira hezkuntza-jarduerak ere, zientziaren mundua gazteenengana hurbiltzera eta emakume zientzialarien eginkizuna agertzera bideratuak. «Ezagutzen al duzu emakume zientzialaririk?» tailerra CIC biomaGUNEn eta CIC nanoGUNEn izango da. 9 eta 10 urteko haurrei dago zuzendua, eta nanozientzian eta bioteknologian murgilaraziko ditu, hurrenez hurren, erakustaldi zientifiko dibertigarriekin. Gainera, DIPC eta CFM zentroek Batxilergoko ikasleen bisita jasoko dute; etorkizuneko lanbidea aukeratu behar duten gazteek ikertzaileen egunerokoa gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Dagoeneko planifikatu dira aipatutako eskolentzako jarduerak.

Ildo beretik, neska nerabeentzat berariaz prestatutako «Zientzia bada nesken kontua» tailerrean, parte-hartzaileak zientzialari bilakatuko dira egun batez, eta askotariko esperimentu nanozientifikoak egin ahal izango dituzte. Hitzordua CIC nanoGUNEn izango da otsailaren 15ean.

Horretaz gain, «Amona’s Power» jarduera ere antolatu da, emakume helduaren figura kultura zientifikoaren zabaltzaile bezala nabarmentzera bideratua. Otsailaren 14an izango da tailerra CFMn; gure zentroetan egiten den punta-puntako zientzia bere protagonisten eskutik ezagutzeaz gain, gero, etxean modu errazean errepikatu ahal izango dituzten esperimentu entretenigarriak egingo dituzte eguneroko objektu eta jardueretan ezkutatzen den zientzia ezagutzeko.

Azkenik, «Zientzia irekia»-ri buruzko mintegi bat antolatu da komunitate zientifikoari bideratuta. Eva Méndez izango da hizlaria, Carlos III.a Unibertsitateko Politika Zientifikoko errektoreordea eta Europar Batasuneko Politika Zientifiko Irekiaren Europako Plataformako presidentea. 2020an, Europar Batasunak argitalpen zientifikoak modu irekian denen eskura jarri nahi ditu, ordainpeko aldizkarien eta argitaletxe zientifiko handien dinamikarekin aldatzeko asmoz. Araudi berri horrek zalantzak sortu ditu komunitate zientifikoan. Carlos Santamaria Zentroan (UPV/EHU) izango da hitzordua, otsailaren 13an, 12:00etan, eta campus osoari dago irekia.

x
Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak eta nabigazio esperientzia hobetzeko.
Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula. Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.