Microsite es: . Grupo:
You are here

Albisteak

NanoGUNEn egin dute urteko bilera Fellows Gipuzkoa programako ikertzaileek

25/02/2020

Gipuzkoan talentua erakarri eta atxikitzeko Fellows deialdia zabalik dago, martxoaren 30a arte.

Diputatu nagusi Markel Olanok, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatu Imanol Lasak eta Berrikuntzako zuzendari Jon Gurrutxagak lan topaketa bat egin dute gaur CIC nanoGUNEko instalazioetan Fellows Gipuzkoa programaren onuradun diren ikertzaileekin eta beren jarduera garatzen duten ikerketa zentroetako arduradunekin, Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariarekin besteak beste. Foru arduradunek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte abian dauden proiektuak, eta aurki programaren aurtengo deialdia egitekoa dela iragarri dute; 2020. urtean 480.000 euro bideratuko dituzte horretara. "Talentua, bikaintasuna eta ikerketa uztartzeak lurralde gisa indartzen gaitu, aurrera eginarazten digu, lehiakorragoak izaten laguntzen digu, eta garatzeko aukera berriak irekitzen ditu", nabarmendu du Lasak.

Fellows Gipuzkoa programaren helburua da doktoretza osteko prestakuntza duten ikertzaileak, nazioarteko ikerketa-talde garrantzitsuetan lanean ari direnak, Gipuzkoako ikerketa-taldeetara ekartzea, horrela horien maila zientifikoa handitzeko. 2020an, Foru Aldundiak programaren diru-hornidura mantenduko du, aurreko deialdian programa horretara bildu ziren ikertzaileei laguntzen jarraitzeko eta talentu berria erakartzeko. Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 30ean bukatuko da.

Gaur egun, 10 ikertzailek garatzen dituzte beren proiektuak Fellows-en laguntzarekin. Zehazki, nanoGUNEn daude Adriá Gil eta Beatriz Martín García ikertzaileak proiektu ezberdinak garatzen; aplikazio medikoetarako material berrien diseinu konputazionalean zein gailu optoelektronikoetarako material berrien garapenean dihardute. Aplikazio medikoetarako konplexu metalikoen eta polioxometalato bioaktiboen diseinu konputazionalean lan egiten du Adría Gilek nanoGUNEko Teoria ikerketa-taldean. Beatriz Martínek, berriz, Nanogailuak ikerketa-taldean egiten du lan. “Gailu optoelektronikoetarako (hala nola LEDak, modulatzaile elektrooptikoak edo fotodetektagailuak) bi dimentsioko material berriak garatzera bideratuta dago proiektua”, dio Beatriz Martínek. “Zehazki, helburu nagusia da bi dimentsioko materialen propietate optikoak hobetzea eta modulatzea, aldaketa kimikoaren bidez edo kanpoko estimuluak aplikatuz. Helburua konponbide berriak bilatzea da, gure inguruko gailu teknologikoen eraginkortasuna, erantzun-abiadura eta sentikortasuna hobetzeko", erantsi du.

“Fellows Gipuzkoa programak hiru ikerketa-lerro modu independentean hasteko aukera ematen dit, nanoGUNE bezalako ikerketa-zentro batean”, dio Adriá Gilek. Halaber, azpimarratu du programa oso garrantzitsua dela postu apropos batean kokatzeko eta nire karrera zientifikoarekin jarraitzeko; baita ikerketaren arloan lanpostu egonkorrago bat lortzeko hurrengo urratsa emateko ere.

Beatrizek azpimarratu duenez, “nazioartean ospe handia duen ikerketa-zentro batean lanean jarraitzeko aukera ematen dit, nire proiektuak garatuz eta maila profesionalean eta pertsonalean hazten jarraitzeko aukera emanez, diziplina anitzeko eta nazioarteko giro batean”.

“NanoGUNE aukeratu nuen, nire esperientziaren eta proposatutako proiektuaren arteko konbinazio bikaina eskaintzen duelako, nazioarteko ingurune aktiboa izanik, non ikaskuntzaren eta nire ezagupenen eta esperientziaren arteko oreka aurki baitaiteke. NanoGUNEn egindako ikerketa nazioartean ezaguna da nanozientziaren arloan, zientzialarien bikaintasunagatik eta haien emaitzengatik, eta eskura dauden laborategi, ekipo/tresneria eta instalazioen kalitateagatik”, amaitu du ikertzaileak.

x
Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak eta nabigazio esperientzia hobetzeko.
Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula. Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.