Microsite es: . Grupo: 1

Grafenoan oinarritutako teknologia daukan lehen bozgorailua merkaturatu da

04/04/2019

CIC nanoGUNEko Nanobiomekanika taldeko ikertzaileak eta goi-mailako audio-bozgorailuen sektorean aitzindari den SEAS Fabrikker enpresako ingeniariak lankidetzan egindako ikerketa batean, bozgorailuetako konoak grafenoarekin hobetzea lortu dute. Duela gutxi merkaturatu ditu enpresa norvegiar horrek grafenoan oinarritutako teknologia daukaten goi-mailako bozgorailuak, lankidetza horretatik sortu direnak.

SEAS Fabrikker norvegiar enpresak bozgorailuak fabrikatzen ditu, eta 90eko hamarkadan, magnesio burdinurtuz egindako kono bat erabiltzen zuen lehen bozgorailu-unitate komertziala garatu zuen, ezaugarri fisiko eta mekaniko egokiak baitzituen material horrek. Oraingoan, nanoGUNErekin lankidetzan, grafeno oxidoa erabili dute are gehiago hobetzeko konoen propietateak, konoak erresistenteagoak bihurtzen eta haien ezaugarri mekanikoak ere hobetzen baititu, “grafeno oxidoak magnesioa babesten laguntzen du, eta, hala, iraunkortasuna handitzen da”, azaldu du Raul Pérez-Jiménez nanoGUNEko Nanobiomekanika taldeko arduradunak.

Bai nanoGUNEk bai SEAS enpresak berritzeko duten grina dago lan honen azpian, “nanoGUNEren beraren interesetik sortu zen ideia, gure ikerketa-zentroan garatzen diren teknologiei eta materialei aplikazioak bilatzeko etengabeko ahaleginetik. Zenbait argitalpenetan adierazten zuten grafeno oxidoa erabili zela giro-kondizio gogorretan dauden metalen gainazaletan, eta bozgorailuetako konoetan erabiltzeko ideia izan genuen. SEASek interes handia adierazi zigun ideiaren hasiera-hasieratik”, dio Pérez-Jiménezek.

Hortxe jarri zen martxan SEASeko ingeniarien eta nanoGUNEko ikertzaileen arteko lankidetza, eta hainbat eta hainbat probaren ondoren, hortxe dago emaitza. “Merkatuan daude, dagoeneko, konoen gainazalean grafeno oxidoa daukaten goi-mailako lehenengo bozgorailuak. Material horrek iraunkorragoak bihurtzen ditu bozgorailuak, propietate mekanikoei kalterik eragin gabe edota propietateak hobeagotuz”, adierazi du. “Bozgorailuak in situ probatu dira, Donostian eta Singapurren, hezetasun handia dagoen tokietan, non ohikoa den halako ekipamenduetan korrosioa gertatzea, eta emaitzak oso positiboak izan dira”, baieztatu du nanoGUNEko ikertzaileak.

x
Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak eta nabigazio esperientzia hobetzeko.
Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula. Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.