Microsite es: . Grupo:
You are here

Albisteak

Kautxua optimizatzeko elkarlanean dihardute CIC nanoGUNEk eta CIKAUTXOk

04/07/2020

CIC nanoGUNE, Nanozientzietako Ikerketa Zentro Kooperatiboa, eta CIKATEK, CIKAUTXOko I+G+B unitatea, elkarrekin ari dira lanean nanoteknologiaren bidez balio erantsi handiko kautxua lortzeko.

Kautxua elastomero-mota bat da, oso erraz deformatzeko gai diren polimero elastikoak. Elastomeroen ezaugarri nagusia da material horiek hautsi aurretik elongazio edo elastikotasun eta malgutasun handia dutela.

Eusko Jaurlaritzaren ELKARTEK Arlo Estrategikoetako Lankidetza Ikerketarako Laguntzen Programaren barruan dago proiektua. Hiru proiektu-mota finantzatzen dira, eta 2. motako proiektuetan kokatzen da hau. Proiektu horiek industria-potentzial handia duten ikerketa-proiektuei dagozkie.

José Santos CIKATEKeko Injekzio arloko arduradunaren hitzetan, “proiektu hau aukera handia da CIKAUTXOrentzat: ohiko osagai elastomerikoen prestazioak oso optimizatuta daude, eta zaila da lehiarako abantaila lortzea teknologia gainditzen ez bada”.

Horregatik, proiektu honen helburua da kautxua optimizatzea nanoGUNEko bi sailek proposatutako bi teknologia disruptiboren bidez: Raúl Pérez-Jiménez buru duen Nanobioteknologia taldea eta Mato Knez buru duen Nanomaterialak taldea.

Zehazki, nanoGUNEko Nanobioteknologia taldeak konpositeak eta matrizeak fabrikatzeko material berri apropos bat proposatzen du, hainbat aplikaziotan, hala nola eraikuntzan eta medikuntzan. Raúl Pérez-Jimenezek dioenez, “material elastomerikoetan txertatutako material berri hori gutxi erabiltzen da, eta, ezbairik gabe, aztertu beharreko eremu bat eskaintzen du merkataritzan eragin handia izan baitezake. Izan ere, korrosioarekiko erresistentzia handiagoa eman diezaioke kautxuari, eta oraindik ez dago nahasketa hori erabiltzen duen produktu komertzialik edo testaturik. Hori dela eta, proiektua aukera paregabea da ezagutza eskuratzeko eta etorkizunean merkataritza-inpaktua areagotzeko”. “Proiektu honek, gainera, diziplina anitzeko ikerketa egiteko aukera planteatzen du, bioteknologia, materialen zientzia eta ingeniaritza kontzeptuak konbinatzen baititu ikuspegi komertzialarekin eta merkatu-ikuspegiarekin”, erantsi du.

Bestalde, “material elastomerikoen propietateak hobetzeko, etorkizun handiko ikuspegia proposatzen du, halaber, nanoGUNEko Nanomaterialak taldeak: eta material hibrido polimeriko-ez-organikoak ekoiztean datza. Material horietan sinergiak ezar daitezke, osagai horiek bakarka aurkezten ez dituzten propietate berriak sortuz edo hasierako propietateak hobetuz”, adierazi du Mato Knezek. “Ikuspegi tradizionalek, gehienetan, galvanoplastia edo gainazalen mihiztadura molekularra erabiltzea sustatzen dute; ikuspegi modernoek, berriz, material hibridoak sortuz substratu baten fasearteko propietateak alda ditzaketen teknikak erabiltzen dituzte. Hibridazioak fase ez-organikoen eta polimerikoen artean sinergiak eragin ditzake, eta, horrenbestez, mekanismo garrantzitsua bihur daiteke propietate mekanikoak hobetzeko eta elastomeroaren nekea ahalik eta gehien murrizteko”, erantsi du.

Guztiak bat datoz honetan: “oraindik esploratzeko dauden punta-puntako teknologia horiek erabiliz gero, jauzi kualitatibo bat egin ahal izango da osagaien prestazioak handitzeko, eta, hori lortuz gero, lehiakortasuna handitu ahal izango litzateke, osagai txikiagoekin edo arinagoekin edo prezioari dagokionez lehiakorragoak diren zehaztapenen koadernoa betetzen jarrai baitaiteke”.

x
Hirugarrenen cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak aztertzeko eta zure lehentasunekin lotutako publizitatea erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Cookie-en erabilera konfiguratu edo baztertu dezakezu, edo informazio gehiago lortu HEMEN.