Skip to main content
dd
CIC nanoGUNE
  • en
  • es
  • eu

User account menu

  • Sartu

Main Menu ES

  • nanoGUNE
    • Hitz bitan
    • Antolakuntza eta finantzaketa
    • Pertsonak
    • Bat egin
    • Bizi
    • Prentsa-bulegoa
    • nanoPeople
  • Ikerketa
    • Ikerketa
    • Argitalpenak
    • Proiektuak
    • Kanpo-zerbitzuak
  • Transferentzia
    • Transferentzia
    • Enpresa berriak
    • PI Zorroa
    • Industry collaborative research positions
    • Strategic lines
    • Kanpo-zerbitzuak
    • Albisteak
  • Formakuntza
    • Master projects
    • Gradu amaierako proiektuak
    • Udako praktikaldiak
    • Doktoretza programa
  • Gizartea

User menu

  • Sartu
  1. Azala
  2. Prentsa-bulegoa
  3. NanoGUNEk Dorre Kuantikoa inauguratu du, teknologia kuantikoen Europako erreferentzia berria

NanoGUNEk Dorre Kuantikoa inauguratu du, teknologia kuantikoen Europako erreferentzia berria

2026/02/04

CIC nanoGUNEk hardware kuantikoko laborategi berriak jarri ditu martxan, Quantum Motion-ekin lankidetzan. Laborategi horiek silizioan oinarritutako txip kuantikoak garatzeko azpiegitura berezia dute. Dorre Kuantiko berriari esker, teknologia kuantikoen garapeneko nodo garrantzitsu gisa finkatzen da Euskadi, eta proiektua, berriz, ikerketa, berrikuntza eta teknologiaren transferentziaren arloko mugarri gisa.
 

half
hardware kuantikoko laborategia

Imanol Pradales Lehendakariak CIC nanoGUNEren Dorre Kuantikoa inauguratu du gaur arratsaldean. Euskadik teknologia kuantikoen Europako erreferentzia-polo gisa duen posizioa indartzen du azpiegitura estrategiko honek. Ekitaldian izan dira, halaber, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jon Insausti Donostiako alkatea, Javier Martinez-Ojinaga CIC nanoGUNEko presidentea, Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, eta Europako ikerketa-zentroetako eta industria kuantikoko ordezkariak.

Imanol Pradales lehendakariak adierazi duenez, “nanoGUNEk nanozientzian duen posizionamenduak aukera ematen digu aurrerapauso erraldoi bat emateko ‘Made in Euskadi’ teknologia duten konputagailu kuantikoen garapenean. Etorkizunerako zubia da. Ziurtasunik ez, baina etorkizun oparoa dute: sendagai berriak, minbizia detektatzeko sistemak, material jasangarriagoak, zibersegurtasuna edo hondamendi naturalen iragarpena, adibidez”. Gainera, Pradalesek azpimarratu duenez, “subiranotasun estrategikorako zubia da, Estatu Batuen eta Txinaren mendekotasun handia dugun eremu kritiko batean”, eta “Euskadik erabaki propioak hartzeko eta, Europaren eskutik, lasterketa teknologiko globaletan parte hartzeko duen gaitasuna indartzen du”.

Jose M. Pitarke nanoGUNEko zuzendariak eman dio hasiera ekitaldiari, eta hau nabarmendu du: “2009an zentroa sortu zenetik lortutako posizionamendua eta aintzatespena dira hardware kuantikoa nanoGUNEn garatzeko oinarria; teknologia propioko ordenagailu kuantikoak garatuko ditugu”.

Dorre Kuantikoan nanoGUNEko hardware kuantikoko ikertaldea dago, Fernando González-Zalba Ikerbasque ikertzailea buru duela. Pitarkek azaldu duenez, taldea elkarlan estuan arituko da Quantum Motion enpresarekin —zeina “aitzindaria” baita sektorean—, silizioan oinarritutako konputazio kuantikoko gailuak garatzeko, gure ordenagailuen, telefono mugikorren edo ibilgailuen mikroprozesadoreen oinarri den teknologia bera erabilita. “Gure proiektuaren eskala eta anbizioa hain dira handiak, ezen erabaki baitugu gure instalazioak handitzea eta gaur inauguratuko dugun dorre berria, Dorre Kuantikoa, eraikitzea”, gaineratu du.

Dorre Kuantikoak 1.500 m2 inguru ditu, zazpi solairutan banatuta, eta haietako bi gaitu dira lehen fasean. Gune horietan, batetik, nanoGUNEk hardware kuantikoan egiten dituen ikerketetarako laborategiak daude, eta, bestetik, Quantum Motionek Donostian eratu duen filialaren bulegoak.

nanogune dorre kuantikoaren irekiera mahai inguruaInstalazio berrietako elementuen artean, bi diluzio-hozkailu nabarmentzen dira, gai direnak zero absolututik hurbil dauden tenperaturak lortzeko: 10 milikelvin inguru, hots, kanpoko espaziokoak baino baxuagoak. Muturreko kondizio horietan, zarata termikoa asko murriztu daiteke, eta efektu kuantikoak azaleratzen dira; hala, efektu horiek neurtu eta kontrolatu daitezke. “Hozkailu horiei esker, ordenagailu kuantikoak garatuko ditugu, zeinek erdieroaleen teknologia industrialarekin fabrikatutako gure txipak erabiliko baitituzte. Zehazki, silizioan oinarritutako prozesadore kuantikoak garatuko ditugu, teknologia horrek aukera ematen baitu teknologia eskala handian integratzeko, eta, hala, gizartean eragin positiboa izango duten algoritmo kuantikoak gauzatzeko behar den kalkulu-potentzia lortzeko”, azaldu du González-Zalbak instalazio berrietara egindako bisitan. Ikertzaileak azpimarratu duenez, gainera, “silizioan oinarritutako teknologia kuantikoek etorkizun handia dute, eskalagarritasun-ahalmen handia baitute; izan ere, elektronika klasikoa fabrikatzeko dagoen industriaren azpiegitura erraldoia aprobetxatu ahal izango da ordenagailu kuantikoak eraikitzeko”.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak CIC nanoGUNEren ikerketa-ibilbidea nabarmendu du, “beti ezagutzaren mugan”. Hain zuzen, horixe erakusten du, haren ustez, Dorre Kuantikoa eta hardware kuantikoko laborategiak inauguratu izanak. “Lehen mailako mugarria da teknologia kuantikoak aurrerapen zientifiko eta teknologikorako, lehiakortasun ekonomiko eta industrialerako, aukerak sortzeko eta proiektu aurreratuetarako faktore gisa garatzeko bidean”, azpimarratu du Mendozak, eta berretsi du ziurgabetasun globaleko eta aldaketa handiko garai honetan gizarteari “ongizatea, segurtasuna eta indarra” emateko bidea dela “zientziaren eta ezagutzaren aldeko apustua” egitea.

Inaugurazio-ekitaldian, mahai-inguru bat ere egin dute. Europako industria-erreferenteek parte hartu dute, eta aztertu dute zer erronka eta aukera dituzten teknologia kuantikoek, eta zenbateko garrantzia duten berrikuntza-ekosistemetan ikerketa-azpiegitura handiek, hala nola Dorre Kuantikoak. Hauek hartu dute parte: Oliver Hasse, INAMeko zuzendari nagusia (Innovation Network for Advanced Materials); Sebastian Luber, Infineon Technologies-eko Zibersegurtasuneko, Dependentziako eta Eragiketetako zuzendaria; eta James Palles-Dimmock, Quantum Motion-eko CEOa.

“Europan hedatu izanak erakusten du konpromiso irmoa dugula lankidetza eta aliantza globalekin”, adierazi zuen James Palles‑Dimmock Quantum Motion-eko zuzendari nagusiak. “Dorre Kuantiko berrian dagoen abangoardiako azpiegitura teknologikoak eta Eusko Jaurlaritzarekin, mundu akademikoarekin eta CIC nanoGUNEko adituekin dugun lankidetzak abantaila handia ematen digute siliziozko spinen sistema kuantiko komertzialki erabilgarriak eskala handian eskaintzeko gaitasunean aurrera egin ahala”.

 

 

CIC nanoGUNE

CIC nanoGUNE Nanozientzia Ikerketa Kooperatiboko Zentroa, Donostian kokatutako ikerketa-zentro bat da, nanozientzian eta nanoteknologian bikaintasuneko ikerketa egiteko helburuarekin sortua Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lehiakortasuna eta bertako garapen ekonomikoa areagotzeko asmoz. NanoGUNE Ikerketa eta Teknologiako Euskal Aliantzako (BRTA) kidea da, eta, gainera, María de Maeztu Bikaintasun Unitate bat da, Estatuko Ikerketa Agentziak hala aitortuta. 

www.nanogune.eu

Quantum Motion

Quantum Motion-ek pila osoko ordenagailu kuantikoak garatzen ditu, 300 mm estandarreko CMOS olaten teknologiarekin fabrikatuak, eskala industrialean bideragarriak diren eta hutsegiteekiko tolerantzia duten sistemak eskaintzeko merkatuan. Ikuspegi horren funtsezko zati bat krioelektronikaren garapena da. Krioelektronikak qubitak eta muturreko tenperatura kriogenikoetan funtzionatzeko gai diren kontrol-zirkuitu klasikoak integratzen ditu, eta, horri esker, prozesadore kuantikoak muturreraino eskalatu daitezke. Hutsegiteekiko tolerantzia duen konputazio kuantikoak algoritmo kuantiko ezin ahaltsuagoak ahalbidetuko ditu, eta, horri esker, besteak beste kimikan, materialen zientzian, medikuntzan eta adimen artifizialean gaur egun ebatzi ezin diren problemak ebatzi ahal izango dira. Enpresak 100 langile baino gehiago ditu Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Australian eta Europan, eta teoria kuantikoko, hardware- eta sistema-ingeniaritzako eta softwareko espezialistek osatzen dute.

www.quantummotion.com

 

Tags
Quantum nanoscience
Quantum Hardware
Quantum Motion
  • whatsapp
  • facebook
  • twitter
  • linkedin
  • print

Lotutako albisteak

  • 2026/01/21

    Mariana Medina-Sánchez: “Laguntza bidezko ugalketako tratamenduak eraldatzen ari dira mikrorrobotikaren, nanobiosentsoreen eta adimen artifizialaren konbergentziari esker”

  • 2026/01/14

    Emakumeak Zientzian, hamarkada bat sareak josten

  • 2026/01/08

    Nanozientzia kuantikoa, nanomaterialak eta nanomedikuntza CIC nanoGUNEren udako praktika-programaren protagonistak

  • 2025/12/22

    Overcoming symmetry limits in photovoltaics through surface engineering

  • 2025/12/18

    Researchers Observe Flat-Band Ultrastrong Coupling

  • CIC nanoGUNE
  • Tolosa Hiribidea, 76
  • E-20018 Donostia / San Sebastian
  • +34 943 574 000 · nano@nanogune.eu
  • Facebook Twitter Youtube Linkedin Instagram Subscribe to our Newsletter

Menú pie principal

  • nanoGUNE
  • Ikerketa
  • Transferentzia
  • Formakuntza
  • Gizartea
  • nanoPeople

Menú pie servicios

  • Kanpo-zerbitzuak
  • Argitalpenak
  • Mintegiak
  • Bat egin
  • Prentsa-bulegoa
  • Kontratatzailearen profila
  • Corporate Compliance

Menú pie grupos

  • Nanomagnetismoa
  • Nanooptika
  • Self AssemblyAutomihiztadura
  • Nanobiosistemak
  • Nanogailuak
  • Mikroskopia Elektronikoa

Menú pie grupos 2

  • Teoria
  • Nanomaterialak
  • Detekzio Kuantikoko Mikroskopia
  • Nanoingeniaritza
  • Hardware Kuantikoa

Funded by

  • EJ/GV
  • Diputación
  • FEDER
  • FEDER
  • Ministerio de Ciencia e Innovación

Member of

  • BRTA
  • SOMM

Distinctions

  • Distinción de Excelencia María de Maeztu 2022-2025
  • Excellence Research
  • UNE-166002

Menú legales

  • Irisgarritasuna
  • Lege-oharra
  • Pribatutasun politika
  • Cookiei buruzko politika
  • Konfidentzialitate politika
by ACC