nanoGUNEko Teknologiaren Transferentziako zuzendariak RTTP ziurtagiria lortu du
CIC nanoGUNEko Teknologiaren Transferentziako zuzendari Ainara García Gallasteguik RTTP (Registered Technology Transfer Professional) nazioarteko ziurtagiria jaso du, zeinak egiaztatzen baititu sektore akademikoan edo industrian ezagutza eta teknologia transferitzen diharduten profesionalen gaitasuna eta esperientzia.
Gaur egun, Estatuan, 50 pertsonak bakarrik dute ziurtagiri hori, eta mundu mailan, berriz, 500 inguruk. Horrek agerian jartzen du lorpen hori apartekoa eta oso espezializatua dela. Ainara García Gallasteguik adierazi duenez, “ziurtagiri hori aintzatespen garrantzitsua da, ez bakarrik pertsonalki, baita teknologiaren transferentziaren arloan nanoGUNEk duen ibilbideari dagokionez ere: nazioartean erreferentzia diren industria-kontratuak, jabetza industrialeko zorroaren kudeaketa eraginkorra eta ezinbesteko behar soziosanitarioei erantzuten dieten spin-offen sorrera ondo lerrokatutako estrategia baten ondorio dira, eta estrategia hori fruituak ematen ari da”.
2018an hasi zen Ainara García Gallastegui nanoGUNEn lanean, sei urteko esperientzia zuela teknologia transferitzen, ikerketa translazionaleko proiektuak lideratzen Imperial Collegen eta UCLn (Londres). 2019an, euskal zentroaren teknologia transferitzeko plana martxan jartzeaz arduratu zen, eta emaitza bikainak lortu zituen. García Gallasteguik azaldu duenez, “2022aren amaierarako, bezeroen zorroa bikoiztu genuen, beste 11 lizentzia-kontratu itxi genituen, eta hamarrez biderkatu genuen lizentzien bidezko fakturazioa”. Ziurtagiria emateko prozesuan, kontuan izan dira, halaber, beste gertaera garrantzitsu batzuk, hala nola nanoGUNEren enpresa eratorrietarako finantzaketa lortzea, haietako baten akzioen % 80 saltzea eta 2024an eta 2025ean beste bi enpresa eratorri sortzea, zeinen produktua baliozkotze klinikoko prozesuan baitago orain eta arlo garrantzitsuetan ematen baitituzte soluzioak (besteak beste, minbizia eta arrisku handiko erditzeak).
RTTP nazioarteko estandarra
Alliance of Technology Transfer Professionals (ATTP) nazioarteko aliantzak sustatzen du RTTP, eta teknologiaren transferentziako hainbat elkarte biltzen ditu; besteak beste, RedTransfer, AUTM eta ASTP. Helburu hauek ditu ATTP aliantzak: teknologiaren transferentziako estandar profesionalak garatzea eta mantentzea; askotariko elkarte nazionalek antolatutako prestakuntza-programei laguntzea; eta teknologiaren transferentziako profesionalak aintzatestea RTTP ziurtagiriaren bitartez.
