Related news by tag Public engagement on science

CIC nanoGUNE-k Elhuyar Zientzia Azokarekin bat egin du gazteen artean zientzia eta teknologia sustatzeko helburuarekin

Elhuyar Zientzia Azoka ekimena gazteek garatutako proiektuen azoka da; ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera.

Urte berriarekin, nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboak ekimenean modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa hartu du berriz ere. Hala, nanoGUNE ikerketa-zentroa proiektu estrategikotzat jo du Elhuyar Zientzia Azoka, gazteen zientzia-bokazioak pizteko, gizartearen kultura-zientifikoa sustatzeko, eta bertako eta gaur egungo zientzia hedatzeko. Bide horretan, ekimenak behar besteko neurria eta irismena izan dezan, sinatzaileek oso garrantzitsutzat jotzen dute Euskal Herriko zientzia- eta teknologia-sareko eragileak elkartzea.

Horrenbestez, gaur goizean sinatu dute lankidetza-hitzarmena nanoGUNE-ko zuzendari Txema Pitarkek eta Elhuyarreko zuzendari nagusia Jon Abril Olaetxeak.

Elhuyarreko zuzendari nagusiak azaldu duenez, “euskaratik, teknologia eta ezagutza sortuz, eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraiki nahi dugu, eta, bide horretan, gazteen etorkizunean modu positiboan eragin nahi dugu”. Horretarako, euskal Zientzia Sistemako eragileekin lankidetza ezinbestekoa dela adierazi du “gazteei erreferente errealak eskaini ahal izateko”. Horregatik, pozik agertu da gaurkoan, Elhuyar Zientzia Azokaren testuinguruan sinatu den hitzarmen berri honen aurrean.

NanoGUNE ikerketa-zentroak urteak daramatza puntako ikerketa egiten eta ikerketa horren gizarteratze-lana modu aktiboan egiten. Eta, gaurkoan, gazteen artean STEM asmo profesionalak sustatzeak berebiziko garrantzia duela azaldu du Txema Pitarkek.

Bi eragileen helburuak bat datoz, eta helburu horiek lortzeko erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioari esker, indarguneak ahalik eta gehien aprobetxatu ahal izango dira, ahaleginak bateratuz.

ELHUYAR ZIENTZIA AZOKA

Ikasturtearekin batera urrian abiatu zen Zientzia Azoka proiektua, eta udaberrian egingo den azoka handiarekin bukatuko da ekitaldia. Azokan, gazteek publiko orokorrari erakutsiko dizkiete beren ikerketa-proiektuak eta ikerketa-lanak, espazio ireki eta irisgarri batean.

Hitzarmenari esker, Zientzia Azokaren aurretiko ekimen eta ekitaldietan lagunduko du nanoGUNE-k eta 2020ko maiatzaren 9an Bilbon izango den azokan bertan parte hartuz ere.

Hitzarmen honen bidez, nanoGUNE-k konpromisoa hartzen du Zientzia Azokan parte hartzen duten bina gazte-talde hartzeko. Horretarako, harrera egingo zaie gazteei, zentro teknologikoa zertan dabilen azalduko zaie, eta ikertzaileekin batera arituko dira momentuan ikertzaileak dabiltzan ikerketan, bi egunez. Bestalde, lehiaketaren epaimahaian aritzeko aditu bana izendatuko du nanoGUNE-k Zientzia Azokako lan onenen hautaketarako bileretan parte hartuko dute adituek.

Subscribe to