"NANOTEKNOLOGIAK AURRERAKUNTZA GARRANTZITSUAK EKARRIKO DITU MEDIKUNTZAN"
Elkarrizketa Mariana Medina-Sánchez Nanobiosistemen taldeburuarekin, 2023-2024ko Jarduera Txostena argitaratzearen harira.
Nola garatu dira ginekologiaren eta antzutasunaren alorrak azken urteotan, eta zein egoeratan gaude
orain?
Mariana Medina-Sánchez: Ikerketa-taldeen eta kliniken arteko lankidetzek aurrerapenak bultzatzen ari dira diziplina askotan, lagundutako ugalketaren emaitzak hobetzeko helburuarekin. Ikerketa-ildo ugari garatzen ari dira aldi berean, besteak beste, biologia molekularrean eta proba genetikoetan oinarritutako ikuspegi berritzaileak, gametoak eta enbrioiak manipulatzeko gailu medikoak, zelula- eta enbrioikultiboaren teknologia berritzaileak (hala nola 3D ereduak eta organoideak), eta adimen artifiziala. Horiek guztiek batera laguntzen dute bai lagundutako ugalketaren emaitzak hobetzen, bai arreta ginekologikoan aurrerapenak egiten. Hainbat teknologiak, esaterako time-lapse irudigintzak – adimen artifizialarekin batera– enbrioien ebaluazio zehatzagoa egitea ahalbidetzen dute. Inplantazio aurreko test genetikoek ere arrakasta-tasa hobetu dute, transferentziaren aurretik enbrioiaren osotasun genetikoa ebaluatzen baitute. Endometrioaren harmena eta mikrobioma gero eta gehiago ikertzen ari dira, inplantazio-prozesuan duten garrantzia nabarmenduz. Halaber, DNA osasuntsua duen esperma hautatzeko mikrofluidikaren aplikazioak garatzen ari dira. Haatik, erronkak badira oraindik; baina azken urteetako hobekuntza nabarmena izan da.
Aplikazio horietarako mikrorrobot berritzaileak garatzen ari zarete. tresna horiek zer dira eta nola funtzionatzen dute?
M. M. S. : Gure ikerketa-taldean mikrotresna berritzaileak garatzen ditugu, diagnostiko goiztiarrerako eta terapia bideratu ezinbasiboetarako. Biosentsore elektrokimikoak eta mikrofluidikoak diseinatzen ari gara, metabolitoak, oxidazio-estresa eta bestelako parametroak neurtzeko, betiere gametoen eta enbrioien kalitatea ebaluatu ahal izateko. Horrez gain, eremu magnetikoen edo uhin akustikoen bidez kanpotik gidatu daitezkeen mikrorrobotak garatzen ditugu. Gailu mediko horiek gorputzeko leku korapilatsuetara heltzeko erabil daitezke, botikak edo zelulak garraiatzeko, adibidez, obarioetako minbiziaren tratamendurako edo ernalketa-prozesuan espermari laguntzeko.
Zeintzuk dira teknologia horien erronka nagusiak?
M. M. S. : Erronka nagusietako bat fase klinikora iristeko bidea da. Teknologia bakoitza hainbat fasetan balioztatu behar dugu: lehenik in vitro, gero organ-on-chip plataformetan, ondoren animalia txikietan, gero ugaztun handietan eta, azkenik, gizakiongan. Gainera, ugalketarekin lotutako teknologietan faktore etikoak ere kontuan hartu behar dira, biziaren sorrerari eragiten baitiote. Erabiltzen ditugun material eta teknologien segurtasuna bermatzea funtsezkoa da, pazienteari inolako kalterik eragitea ekidin behar baita. Onura eta arriskuen arteko oreka bilatu behar dugu, eta teknologia horiek ekar ditzaketen aplikazio garrantzitsuak identifikatu behar ditugu.
Zuen lana ikerketa ginekologikoaz haragoko aplikazioetara ere bideratuko al da?
M. M. S. : Bai. Diagnostikorako gailuak eta teknologia mikrorrobotikoak medikuntzaren beste hainbat arlotan ere erabil daitezke. Helburua da diagnostiko pertsonalizatu zehatzagoak lortzea eta terapia bideratu eta ez-inbasiboak garatzea. Mikrorrobotak, adibidez, ehunen ingeniaritzan ere erabilgarriak izan daitezke: zauriaren gunean aldamio gisa jardun dezakete, ehunen berroneratzea sustatzeko.
Epe luzera, zer-nolako eragina izango dute teknologia horiek medikuntzaren eta diagnostiko pertsonalizatuaren etorkizunean?
M. M. S. : Osasungintza hobetuko da, paziente bakoitzaren beharrizan zehatzetara egokituriko diagnostiko sakon eta zehatzen bidez. Gaixotasunari ikuspegi holistiko batetik heltzea da xedea, faktore bakar bati begiratu gabe. Gainera, teknologia hauek prozedura kirurgikoen eta terapeutikoen inbasibotasuna gutxitzea bilatzen dute, horrela alboondorioak murriztuz eta pazientearen bizi-kalitatea hobetuz. Horixe da azken helburua.
