Milia Kuantikoa: fisika kuantikoaren ikerketaren ibilbidea Donostian
Donostiak ibilbide zientifiko-teknologikoa du gaurtik aurrera, eta oinez edo modu birtualean egin daiteke. Zientzia eta teknologia kuantikoetan euskal lidergo zientifikoa ikusarazten eta aitortzen duen dibulgazio-ekimena da, Eusko Jaurlaritzak bultzatua eta CIC nanoGUNEren parte hartzea izan duena beste sei zentrorekin batera.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailak Milia Kuantikoa aurkeztu du. Ibilbide zientifiko-teknologikoa da, eta aukera ematen die herritarrei komunitate zientifikoak fisika kuantikoaren esparruan egiten duen lanera hurbiltzeko, abangoardiako ezagutza sortzeko eta etorkizuna eraldatuko duten teknologiak garatzeko. Teknologia horien artean, konputazio kuantikoa, sentsoreen teknologia eta beste hainbat aplikazio daude.
Milia Kuantikoa osatzen duten zazpi zentroak honako hauek dira: Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM), CIC nanoGUNE, Tecnun (Nafarroako Unibertsitatea), EHUko Informatika eta Kimika Fakultateak eta Basque Quantum aliantzaren egoitza den Ikerbasqueko eraikin berria.
Milia Kuantikoaren aurkezpen ofiziala gaur goizean egin da Donostian, Ikerbasqueren eraikin berrian. Eraikin horretan urriaren 14an inauguratu zen IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa dago. Ekitaldian izan dira Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias, EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Juana Goizueta eta Basque Quantumeko zuzendari Javier Aizpurua.
Oinez edo click batean
Ibilbide zientifiko-teknologiko hau Ibaetan dago, ikerketa kuantikoan Europako polo aktiboenetako batean, eta bi modu osagarritan egin daiteke:
Oinezko ibilbidea: kuantikaren inguruan ikerketa egiten duten zazpi ikerketa-zentro eta fakultate nagusien eraikinen sarreran kokatuta daude dibulgazio-infografiak, guztiak ere pasealeku seinaleztatu baten ibilbidean.
Bisita birtual interaktiboa: 360 graduko ibilbide digitala da, laborategietan eta ikerketa-espazioetan murgiltzen du bisitaria, lan zientifikoa, ekipo teknologikoak eta talde bakoitzaren gaitasunak zehatz-mehatz erakutsiz.
Bisita birtualerako sarbidea https://quantummile.basquequantum.eus/ web orrialdearen bidez edo ibilbideko totem fisikoetan instalatutako QR kodeen bidez egin daiteke.
NanoGUNEra bisita birtuala

Milla Kuantikoaren bisita birtualaren edukien artean nanoGUNEko hiru laborategi berezi daude:
Gela Zuria: lan-ingurune ultra kontrolatua, non materialak nanometro-eskalan fabrikatzen eta manipulatzen diren.
Detekzio Kuantikoko laborategi bat, materialen gainazalean gertatzen diren fenomeno kuantikoak aztertzeko mikroskopia-teknikekin hornitua.
Hardware Kuantikoko laborategi bat - gaur egun eraikitzen ari dena - non konputazio kuantikorako hardwarea garatuko dugun, silizioa bezalako material erdieroaleetan oinarrituta.