Related news by tag THEORY

CIC nanoGUNEk Simune martxan jartzen du, enpresei zuzendutako eskala atomikorako simulazio zerbitzua

CIC nanoGUNEk erakunde eta enpresa desberdinek burutzen dituzten I+G prozesuetan laguntzeko asmoz, Simune izena daraman zerbitzu berria martxan jarri du. Zerbitzu honek materiak eskala atomikoan duen jokaera ezagutzeko simulazioak burutuko ditu, arazo teknologiko zehatzak konpontzen lagunduz eta, bide batez, inbertsioa ere gutxituz.

Kanpoko zientzilarien partaidetzarekin batera nanoGUNEk martxan jartzen duen zerbitzuak, hainbat sektoreentzat simulazio baliagarriak eskaintzen ditu. Dena den, hasera batean behintzat, energia eta elektronika sektoreetan jarduera ildoa duten enpresetan fokatuko da. Ester Sola zerbitzuaren arduradunak aipatzen duen bezala “fisika kuantikoaren printzipioetan oinarrituz eta superordenagailuak erabiliz solidoen, likidoen eta nanoegituren simulazioak burutuko ditugu”. Solaren iritziz, “horrelako kalkuluen bitartez osagai jakin batek datozen urteetan zein nolako garapena izan dezakeen aurreikusi dezakegu edota materiale baten ezaugarriak aztertu, fisikoki ekoiztu aurretik haren errentagarritasuna baloratu ahal izateko”. Horrela Simune-ren bitartez, denbora tarte luzeetan hondakin nuklearren garapena aurreikustea, atmosferan CO2 ren murriztapenerako mekanismo berriak ebaluatu edota, ekoiztu aurretik, material baten eraginkortasuna neurtzea bideragarria izan daiteke.

Zerbitzu hau nanoGUNEk sustatua izan da, Emilio Artachoren eta konputazio simulazioetan adituak diren beste hiru ikerlarien partaidetzaren bitartez: Pablo Ordejón (ICN2-Kataluniako nanozientzia eta nanoteknologi Institutoa), José María Soler (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) eta Juan José Palacios (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa). Aurreko hirurak (Artacho, Ordejón eta Soler) “SIESTA” kodearen, nazioarte mailan oihartzun handia lortu zuen software konputazionalaren koautoreak dira eta, bere aldetik, Juan José Palacios “ANT” kodearen koautorea da.

Enpresa esparruan sortzen diren egoera eta kasuistika desberdinak konpontze aldera, nanoGUNEko ikerlariek kode hauek eta baita bestelakoak ere erabiliko dituzte. Zerbitzu honetan atxikitzen den Teoriako taldeko liderra eta Ikerbasque ikerlari den Emilio Artachok adierazten duen bezala “enpresen lehiakortasuna bultzatzeko asmoz, konponbideak lortzea eta eskaintzea espero dugu, horretarako, alde batetik, zerbitzu honen ardura duten ikerlarien ezagutzak eta eskarmentuak eta, bestetik, nanoGUNEko ekipamenduak eta azpiegiturak uztartu eta bateratuko ditugu”.

Era berean, nanoGUNEko Zuzendari Orokorra den José María Pitarkek, “zerbitzu berri honek nanoGUNEk Euskal Herriko lehiakortasuna sustatzeko duen konpromisoari erantzuten diola” azpimarratu du, “enpresetan (pymeak, korporazioak, clusterrak…) gure zentroko ikerketa talde desberdinek sortzen duten ezagutza txertatzea eta barneratzea ahalbideratuz”. Beraz, zerbitzu berriaren ardura duten ikerlarien ezagutzak eta esperientziak, enpresa ehunari laguntza eskaintzea ahalbideratzen du. Horretarako web gune bat ere martxan jarri da: simune.eu

Teoria praktikara iristeko

nanoGUNEko Teoriako taldea, Emilio Artachoren gidaritzapean 2011etik abian jarria, 7 ikerlariez osatzen da eta denbora joan ahala zabalduz jarraitzen du. Ekipamenduari dagokionez, beste nodo edo abadegi konputazionalekin batera sarean jarduten duen cluster konputazional bat du. nanoGUNE da clusterraren jabea eta haren bitartez, eskala atomikoan simulazio konputazionalak gauzatzea beharrezkoa duten zentruko zein kanpoko ikerketa taldeei edota erakundeei edo enpresei zerbitzua eta laguntza eskaintzen die. Talde honek azaltzen duen egiturak eta posizionamenduak eta ikerketa zentru bezala nanoGUNEren determinazioak, oinarri irmoekin eta etorkizunerako bideragarritasun guztiarekin Simune zerbitzua martxan jartzea bermatu dute.

Emilio Artachok argi ikusten du “nanoteknologian oinarritutako etorkizuneko aplikazioak garatu ahal izateko beharrezkoa dela burutzen diren esperimentuak, interesezko sistemetako eskala nanometrikoko simulazio teorikoekin osatzea”. Kalkulu algoritmoen garapen esanguratsuek eta konputazio cluster berrien prozesamendu ahalmenaren gorakadek, simulazioen gaitasuna biderkatzea eragin dute. Ondorioz, eskala molekularrean nanosistemak nola jokatzen duten edota materialeak nola diseinatu behar diren jakiteko aurreikuspen zehatzagoak egitea ahalbideratu da.

Nanogailu berrien deskribapen teorikoak eta modelazioak eta eskala nanometrikoan suertatzen diren gertakari desberdinek, Materia Kondentsatuko Fisikan eta Kimika Konputazionalean jatorria duten teori hurbilpenak eta kalkulu tekniken aplikapenak behar izaten dituzte. Hauek guztiak esparru desberdinetan aplikagarriak izan daitezke (Fisikan, Kimikan, Materialeen Fisikan, Biofisikan, Optikan, Ingeniaritzan, Ingurugiroan, etb.): erabat desberdinak diren disziplinak nanoteknologiaren esparruan elkargunea edo lotura izaten dute. Artachok adierazten duenez, “disziplina anitzeko ezinbesteko fokapen hau nanoGUNEn bertan bereziki ematen da”.

Teoriako Taldea finkatu eta Simune zerbitzua martxan jarri ondoren, euskal zentroak bere konpromisoak bideratzen jarraitzen du, disziplina arteko eredu batenpean lanean diharduten 9 taldeen bitartez, nanozientzian eta nanoteknologian bere ikerketa lerroak zabalduz, eta Euskal Herriko lehiakortasuna eta gizarte garapena sustatzeko asmoz ezagutza berria sortuz.

Subscribe to