Related news by tag NANOGUNE

Erantzun bikaina nanoGUNEren 5. urteurrenari

Nanoeskalan materiaren propietateak aldatu egin dira, eta horrek eguneroko bizimoduan oso ohikoak bilakatzen ari diren aplikazio ugariri ate berriak irekitzen dizkie. Kontzeptu horiek gure ulermenetik haratago egon badaitezke ere, nanoGUNE ikerketa-zentroan egunero-egunero erabiltzen dituzten kontzeptuak dira, duela bost urtetik hona. NanoGUNEra hurbildu diren ikasle, irakasle, ingeniari, mediku, arkitekto, ekonomilari, jubilatu, etxeko andre eta abarrek lan hori gertutik ezagutzeko aukera izan dute gaur, zentroko ikertzaileen eskutik.

“Geure lekua aurkitu nahi dugu; gure ekarpenengatik ezagut gaitzaten nahi dugu” esan zuen zentroaren ibilbidearen hasieran Jose Maria Pitarkek, nanoGUNEko zuzendari nagusiak. Bost urte igaro dira orduz geroztik, eta “balantzea oso positiboa da, oso pozgarria. Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu” adierazi du Pitarkek 5. urteurrena ospatzeko ardunaldiaren irekiera-ekitaldian. “Ez dugu soilik maila goreneko azpiegitura bat abiarazi; horrez gain, beren alorretan izen handikoak diren Ikerbasque ikertzaileak ekarri ditugu gugana” azpimarratu du. Halaber, Pitarkek ezagutza enpresetara transmititu behar dela nabarmendu du: “orain arte hala egin dugu eta horixe da, hain zuen, etorkizuneko gure erronka” esan du.

Goizeko workshop zientifikoan parte hartu duten Niek van Hulst (ICFO, Bartzelona), Victor Muñoz (CSIC, Madril), Kirsten von Bergmann (Hamburgoko Unibertsitatea) eta José María de Teresa (CSIC, Zaragoza) hizlariek proteinen tolestura, nanofotonika, espintronika eta nanomagnetismoa bezalako gaiak izan dituzte aztergai.

 

Ate-irekien jardunaldia

Pedro Miguel Etxenike nanoGUNEko lehendakariak eman dio hasiera arratsaldeko ate-irekien jardunaldiari. Aukera hori aprobetxatu du bere poza adierazteko, hasieratik bete-betean sinistu duen proiektu honen garapen-mailari dagokionez. “Urte gutxian nanoGUNE erreferentziazko ikerketa-zentroa bilakatu da nazioartean; maila goreneko talentu sortzaileak erakartzeko gai da; abangoardiako zientzia egiten du; ezagutza eskaintzen die ekoizpenehunari eta enpresak sortzen ditu. Hori guztia lortzea zaila da, hemen nahiz edonon” adierazi du. “Arrakasta talde-lanaren ahaleginaren ondorioa da”, eta horrenbestez, nanoGUNEko Patronatuaren, Batzorde Zientifikoaren, staff-aren, ikertzaileen eta teknikarien lana eskertu du. Etxenikek Eusko Jaurlaritzaren etengabeko laguntza eta epe luzerako ikuspegi estrategikoa nabarmendu ditu. Izan ere, horiek ezinbestekoak dira sorkuntza loratzeko esparru apropos bat lortzeko. Politika horiek nahitaezkoak dira proiektuaren eraginkortasuna bermatzeko. Etxenikek bihotz-bihotzetik eskertu du Jose Maria Pitarke zentroko zuzendari orokorraren lana. “Hutsetik hasita abangoardiako eraikin eta azpiegitura sortzeko gai izan da, talentua erakarri du, lerro estrategiak diseinatu eta mantendu ditu, eta halaber, geure herrialdearen industriari lagundu dio. Hori guztia lortzeko jende askoren konfidantza jaso du, eta horretarako, talentua, ausardia eta lan nekaezina beharbeharrezkoak dira, baina ez nahikoak: jakinduria eta ezagutza sendo bat eta lidergo zintzo eta integratzailea behar dira. Pitarke nanoGUNEren arrakastaren egile nagusia dela esan du Etxenikek. 

Felix Ynduráin Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Materia Kondentsatuaren Fisika Saileko katedradunak “Nanozientzia eta etorkizuneko energia-teknologiak” hitzaldi irekia eskaini du jarraian. Nola egingo diogu aurre etorkizuneko energia-eskariari? Nanozientziak lagundu diezaguke? Ynduráinek galdera horiei buruzko zenbait argibide eman ditu. Egungo energiakontsumoaren eboluzioa eta etorkizuneko erronkak aztertu ostean, garapen berriei buruz aritu da. Bereziki, nanozientzia ezinbestekoa duten zenbait arloren adibideak aurkeztu ditu, hala nola, energia nuklearra eta fotovoltaikoa, hidrogenoaren erabilera, CO2aren eta energiaren metatzea, garraio elektrikoa eta abar. “Nanoeskalan material berriak garatzeak zein horien karakterizazioak eta manipulazioak teknologia energetiko berria eta iraultzaileak garatzeko paradigma berri bat sortzen dute” nabarmendu du Ynduráinek.

Hitzaldi horren ostean, nanoGUNEren muinak ezagutzeko txanda iritsi da. Ekimen horrek arrakasta itzela izan du, leku guztiak hartuta baitzeuden jardunaldia baino hainbat egun lehenago. Bertara gerturatutakoek aukera izan dute areto garbia ezagutzeko; ezaugarri elektronikoak, mekanikoak eta optikoak eskala atomikoan neurtzeko aukera ematen duen mikroskopio bat, bakarra munduan, bertatik bertara ikusteko; mikroskopio elektnoiko baten bidez Grapheneak, nanoGUNEren lehenengo start-upak, egindako grafenoa ikusteko; eta laborategi ezberdinetako hainbat teknologia ezagutzeko. Horiek guztiak kanpoko bibrazioetatik, interferentzia elektromagnetikoetatik, zaratetatik eta zikinkeriatik salbu daude. Une batez nanomunduan bidaiatzeko aukera izan dute guztiek.

 

CAF, Petronor eta IKOR, CIC nanoGUNEko bazkide gaurdanik

Donostia, 2015eko ekainaren 15a. Enpresa-alorreko hiru bazkide berri ditu, gaurdanik, CIC nanoGUNE ikerketa kooperatiboko zentroak. Puntako enpresak dira hirurak (CAF, Petronor eta IKOR), eta Euskal Herriko garapen industrialerako estrategikoak diren alorretan jarduten dira; bestalde, hirurek babesten dute nanoGUNEren lana bikaintasuneko ikerketaren arloan, zeinaren xedea Euskal Herriko ekonomiaren hazkuntza eta enpresen lehiakortasuna areagotzea baita. Honenbestez, nanoGUNEko zuzendaritza-batzordeko partaide bihurtu dira hiru enpresa horiek.

2009an sortu zen nanoGUNE zentroa eta, harrezkeroztik, aitzindari izan da nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorreko ikerkuntzan. Jakintza-alor ugaritan jardun ohi da, aplikazio industriala hurbileko duten eremuetan betiere. 2015era arte egindako ibilbideari esker, puntako zentro bihurtu da nanoGUNE nazioarteko nanozientzia-arloko ikerketan, horretarako behar zituen giza baliabideez eta azpiegiturez hornituta. Teknologia berriak bultzatzeko ere baliatu du zentroak ibilbide hori, eta oinarri nanoteknologikoko enpresa berriak sortzeko; besteak beste, Graphenea, Simune, Ctech-nano eta Evolgene. Euskarri horiek abiapuntu harturik, nanoteknologian oinarritutako hazkunde lehiakorra dakarten jarduerak ditu orain xede nanoGUNEk, bere ikerketa-proiektuetako bikaintasun-mailari eutsiz, betiere.

Enpresa-eragileen aholkularitza eta esku-hartzea bereziki garrantzitsuak ditu zentroak fase berri honetan: nanoteknologiak eta nanozientziak eskaintzen dituzten garapen berriei ahalik eta etekin handiena atera diezaiekete enpresek, eta haien merkatu-ikuspegiaren onurak bereganatu nanoGUNEko ikerketa-taldeak.

Ezagutzaren eta teknologiaren transferentzia

CAF, Petronor eta IKOR enpresak nanoGUNEko bazkide egitearen arrazoi nagusia hauxe da: goi-mailako aditu industrialak behar ditu zentroak ezagutzaren eta teknologiaren transferentzia-estrategia sendotzeko. Zalantzarik gabe, zentroaren xede estrategikoa sendotu egingo du hiru enpresek Eusko Jaurlaritzaren espezializazio adimenduneko RIS3 estrategiaren lehentasunezko zenbait arlorekin duten konpromisoak, eta indartu egingo du industriarekin eta industriarako egiten duen lana.

Mundu osoan aitortzen da jada nanozientziaren eta nanoteknologiaren potentziala, "baina izugarria da, oraindik ere, ikerketaren eta merkatuaren arteko aldea", dio nanoGUNEko zuzendari nagusiak, José María Pitarkek. "Azken urteotan, ordea, aldatzen hasiak dira gauzak. Eremu berriak dira oraindik ere, baina etengabe ari da areagotzen haiekiko interesa, eta sektore industrial guztietan daude jada zenbait produktu eta prozesu, komertzialki bideragarriak". Europako Batzordearen kalkuluen arabera, 2009az geroztik urtean % 50 hazi da oinarri teknologikoko produktuen merkatu orokorra, eta trilioi bat eurotik gorakoa da jada. "Dena dela, merkatuaren tamaina alde batera utzita, Euskal Herriarentzat garrantzizkoena zera da: gure ekonomiaren oinarri diren sektore industrial asko hobetzeko funtsezkoa dela nanoteknologia", azaldu du Pitarkek. "Ez gara nanoteknologiaren garapen orokorretik bazterrera geratu, eta alor horretan egin den inbertsio handiaren lehenbiziko emaitzak ikusten ari gara jada". 

CIC nanoGUNE

Donostiako nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboa xede honekin sortu zen: nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean bikaintasuneko ikerketa egitea, Euskal Herriaren hazkuntza ekonomikoa eta lehiakortasuna areagotzeko.

CAF

Fidagarritasun handiko eta puntako teknologiako tren-material gurpildunen fabrikazioan eta hornikuntzan mundu osoan aitzindari izatea du xede 1917an sortutako euskal enpresa honek. Webgunea: www.caf.es

Petronor

Petrolio-produktuak eta -deribatuak fintzea eta merkaturatzea du helburu 1968an sortutako euskal enpresa honek. Etengabeko hobekuntza du xede gaur egun, nazioarteko merkatuan lehiatzeko eta euskarri duen ingurunera itzultzeko bere arrakastaren emaitzak. Webgunea: www.petronor.com

IKOR

Diseinu, garapen eta fabrikazio elektronikoko zerbitzu integralak (EMS) eskaintzen ditu, mundu osoan, euskal konpainia honek, eta azken produkturako elektronika "core" duten sektoreentzat jarduten da batez ere. Webgunea: www.ikor.es

NanoGUNEren webgune berria: orotariko publikoarentzako gunea

CIC nanoGUNEk kaleratu berri du webgunearen (www.nanogune.eu) bertsio berria. Webgunea zentroaren misioa betetzeko tresna da, eta Euskal Herriko enpresetara “nanoak” ekar ditzaken gizarte onurak gerturatzea ahalbidetzen digu.

Estreinatu dugun webguneak ingelesez eta, lehen aldiz, euskaraz eta gazteleraz nabigatzeko aukera ematen du. Gure publiko anitzari erantzuna emateko asmoarekin landu ditugu gure eduki gehienak hiru hizkuntza hauetan.

Era berean, webgunearen atalak publiko anitz horretantxe pentsatzen diseinatu ditugu, webgunearen ardatz nagusiak hauek direlarik:

  • "nanoGUNE" atalaren barruan informazio korporatiboa, azpiegitura eta tresneria, kontaktuak, lan eskaintzak, eguneroko bizitzarako hainbat informazio lagungarri eta prentsa-bulegoa batzen dira.
  • "Ikerketa" atala mundu osoko zientzialariei zuzendua dago bereziki eta informazio gehiena ingeles hutsean dago. Bertan, nanoGUNEren ikerketa lerro nagusiak, ikerketa taldeei buruzko informazio sakona eta proiektuei buruzko informazioa dago.
  • "Transferentzia" atalaren helburua industriarekin lotuak dauden ekimenak eta zerbitzuak ezagutzera ematea du helburu eta enpresei zuzendua dago bereziki.
  • "Formakuntza" atalak unibertsitateko eta institutuko ikasle eta irakasleei zuzenduriko informazioa batzen du. Bertan topatu daitezke doktoretza, master eta gradu amaierako proiektuak egiteko ditugun eskaintzak, bai eta dirulaguntza eta bestelakoetarako deialdiak ere. Era berean, institutuko ikasleei zuzendutako hainbat egitasmoren berri ematen duen informazioa eta beraiei zuzendutako material didaktikoa ere badago atal honetan.
  • "Gizartea" atalean hiritarrei zuzendutako egitasmoen berri emango dugu eta haiei zuzendutako informazioa jasoko dugu, modu erraz eta argi batean nanozientzia eta nanoteknologiaren inguruko informazio fidagarria zabalduz. Era berean, hiritarrek "nano"-ari buruz dituzten galderak bidaltzeko aukera ere badute bertan!

Webgunearekin batera albiste buletina ere prestatu dugu, gure kontaktuek eta nahi duen beste edozein hiritarrek informazio eguneratua jasotzeko aukera izan dezan.

NanoGUNE bekak: master ikasleentzako deialdia zabaldu da

Bekak 3.000€koak dira proiektuak irauten duen epe osorako eta ezin dira helburu berbera duten beste laguntzekin bateragarriak. Interesa duten ikasleek aipatutako master titulazioetan izen emanda eta onartuak egon beharko dute laguntzak jasotzeko. Hautagaiek, esteka hau jarraituz proiektuaren eta bekak eskatzeko prozesuaren inguruko informazio guztia topatuko dute.

Bekez gain, beste titulazio ofizialetako master ikasleek ere nanoGUNEko ikerketa taldeen baitan master tesia egiteko aukera dute.

Subscribe to