Related news by tag Outreach - Communication

CAF, Petronor eta IKOR, CIC nanoGUNEko bazkide gaurdanik

Donostia, 2015eko ekainaren 15a. Enpresa-alorreko hiru bazkide berri ditu, gaurdanik, CIC nanoGUNE ikerketa kooperatiboko zentroak. Puntako enpresak dira hirurak (CAF, Petronor eta IKOR), eta Euskal Herriko garapen industrialerako estrategikoak diren alorretan jarduten dira; bestalde, hirurek babesten dute nanoGUNEren lana bikaintasuneko ikerketaren arloan, zeinaren xedea Euskal Herriko ekonomiaren hazkuntza eta enpresen lehiakortasuna areagotzea baita. Honenbestez, nanoGUNEko zuzendaritza-batzordeko partaide bihurtu dira hiru enpresa horiek.

2009an sortu zen nanoGUNE zentroa eta, harrezkeroztik, aitzindari izan da nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorreko ikerkuntzan. Jakintza-alor ugaritan jardun ohi da, aplikazio industriala hurbileko duten eremuetan betiere. 2015era arte egindako ibilbideari esker, puntako zentro bihurtu da nanoGUNE nazioarteko nanozientzia-arloko ikerketan, horretarako behar zituen giza baliabideez eta azpiegiturez hornituta. Teknologia berriak bultzatzeko ere baliatu du zentroak ibilbide hori, eta oinarri nanoteknologikoko enpresa berriak sortzeko; besteak beste, Graphenea, Simune, Ctech-nano eta Evolgene. Euskarri horiek abiapuntu harturik, nanoteknologian oinarritutako hazkunde lehiakorra dakarten jarduerak ditu orain xede nanoGUNEk, bere ikerketa-proiektuetako bikaintasun-mailari eutsiz, betiere.

Enpresa-eragileen aholkularitza eta esku-hartzea bereziki garrantzitsuak ditu zentroak fase berri honetan: nanoteknologiak eta nanozientziak eskaintzen dituzten garapen berriei ahalik eta etekin handiena atera diezaiekete enpresek, eta haien merkatu-ikuspegiaren onurak bereganatu nanoGUNEko ikerketa-taldeak.

Ezagutzaren eta teknologiaren transferentzia

CAF, Petronor eta IKOR enpresak nanoGUNEko bazkide egitearen arrazoi nagusia hauxe da: goi-mailako aditu industrialak behar ditu zentroak ezagutzaren eta teknologiaren transferentzia-estrategia sendotzeko. Zalantzarik gabe, zentroaren xede estrategikoa sendotu egingo du hiru enpresek Eusko Jaurlaritzaren espezializazio adimenduneko RIS3 estrategiaren lehentasunezko zenbait arlorekin duten konpromisoak, eta indartu egingo du industriarekin eta industriarako egiten duen lana.

Mundu osoan aitortzen da jada nanozientziaren eta nanoteknologiaren potentziala, "baina izugarria da, oraindik ere, ikerketaren eta merkatuaren arteko aldea", dio nanoGUNEko zuzendari nagusiak, José María Pitarkek. "Azken urteotan, ordea, aldatzen hasiak dira gauzak. Eremu berriak dira oraindik ere, baina etengabe ari da areagotzen haiekiko interesa, eta sektore industrial guztietan daude jada zenbait produktu eta prozesu, komertzialki bideragarriak". Europako Batzordearen kalkuluen arabera, 2009az geroztik urtean % 50 hazi da oinarri teknologikoko produktuen merkatu orokorra, eta trilioi bat eurotik gorakoa da jada. "Dena dela, merkatuaren tamaina alde batera utzita, Euskal Herriarentzat garrantzizkoena zera da: gure ekonomiaren oinarri diren sektore industrial asko hobetzeko funtsezkoa dela nanoteknologia", azaldu du Pitarkek. "Ez gara nanoteknologiaren garapen orokorretik bazterrera geratu, eta alor horretan egin den inbertsio handiaren lehenbiziko emaitzak ikusten ari gara jada". 

CIC nanoGUNE

Donostiako nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboa xede honekin sortu zen: nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean bikaintasuneko ikerketa egitea, Euskal Herriaren hazkuntza ekonomikoa eta lehiakortasuna areagotzeko.

CAF

Fidagarritasun handiko eta puntako teknologiako tren-material gurpildunen fabrikazioan eta hornikuntzan mundu osoan aitzindari izatea du xede 1917an sortutako euskal enpresa honek. Webgunea: www.caf.es

Petronor

Petrolio-produktuak eta -deribatuak fintzea eta merkaturatzea du helburu 1968an sortutako euskal enpresa honek. Etengabeko hobekuntza du xede gaur egun, nazioarteko merkatuan lehiatzeko eta euskarri duen ingurunera itzultzeko bere arrakastaren emaitzak. Webgunea: www.petronor.com

IKOR

Diseinu, garapen eta fabrikazio elektronikoko zerbitzu integralak (EMS) eskaintzen ditu, mundu osoan, euskal konpainia honek, eta azken produkturako elektronika "core" duten sektoreentzat jarduten da batez ere. Webgunea: www.ikor.es

NanoGUNEren webgune berria: orotariko publikoarentzako gunea

CIC nanoGUNEk kaleratu berri du webgunearen (www.nanogune.eu) bertsio berria. Webgunea zentroaren misioa betetzeko tresna da, eta Euskal Herriko enpresetara “nanoak” ekar ditzaken gizarte onurak gerturatzea ahalbidetzen digu.

Estreinatu dugun webguneak ingelesez eta, lehen aldiz, euskaraz eta gazteleraz nabigatzeko aukera ematen du. Gure publiko anitzari erantzuna emateko asmoarekin landu ditugu gure eduki gehienak hiru hizkuntza hauetan.

Era berean, webgunearen atalak publiko anitz horretantxe pentsatzen diseinatu ditugu, webgunearen ardatz nagusiak hauek direlarik:

  • "nanoGUNE" atalaren barruan informazio korporatiboa, azpiegitura eta tresneria, kontaktuak, lan eskaintzak, eguneroko bizitzarako hainbat informazio lagungarri eta prentsa-bulegoa batzen dira.
  • "Ikerketa" atala mundu osoko zientzialariei zuzendua dago bereziki eta informazio gehiena ingeles hutsean dago. Bertan, nanoGUNEren ikerketa lerro nagusiak, ikerketa taldeei buruzko informazio sakona eta proiektuei buruzko informazioa dago.
  • "Transferentzia" atalaren helburua industriarekin lotuak dauden ekimenak eta zerbitzuak ezagutzera ematea du helburu eta enpresei zuzendua dago bereziki.
  • "Formakuntza" atalak unibertsitateko eta institutuko ikasle eta irakasleei zuzenduriko informazioa batzen du. Bertan topatu daitezke doktoretza, master eta gradu amaierako proiektuak egiteko ditugun eskaintzak, bai eta dirulaguntza eta bestelakoetarako deialdiak ere. Era berean, institutuko ikasleei zuzendutako hainbat egitasmoren berri ematen duen informazioa eta beraiei zuzendutako material didaktikoa ere badago atal honetan.
  • "Gizartea" atalean hiritarrei zuzendutako egitasmoen berri emango dugu eta haiei zuzendutako informazioa jasoko dugu, modu erraz eta argi batean nanozientzia eta nanoteknologiaren inguruko informazio fidagarria zabalduz. Era berean, hiritarrek "nano"-ari buruz dituzten galderak bidaltzeko aukera ere badute bertan!

Webgunearekin batera albiste buletina ere prestatu dugu, gure kontaktuek eta nahi duen beste edozein hiritarrek informazio eguneratua jasotzeko aukera izan dezan.

"Emakumeak Zientzian" ekimenari STEAM Euskadi zigilua aitortu zaio

Proiektuak STEAM 1. Euskadi Sarien lehenengo fasea gainditu duenez, STEAM Euskadi zigilua aitortu zaio. 

Hala erabaki du sari horien Batzorde Teknikoak –Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Centro de Recerca per a l’Educació Científica i Matemàtica (CRECIM) zentroak eta Innobasque Berrikuntzarako Euskal Agentziak osatutakoak–, sariketara aurkeztu diren 133 hautagai aztertu ondoren.

“Emakumeak Zientzian” 2020an CIC nanoGUNE, CFM, DIPC, CIC biomaGUNE, Biodonostia, Polymat, CEIT, Tecnun eta Elhuyarrek batera sustatutako ekimena da, eta “emakumea eta neskak Zientzialarien Nazioarteko Egunaren” inguruan garatzen da, jardueren programa anitz eta sendo batekin.

Helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Gazteek ikasturtean landutako 200 proiektu daude ikusgai Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioan

Azoka 4 egunetan banatuko da, eta egunero 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako proiektu zientifikoak erakutsiko dituzte. Horrez gain, zientzia-ginkana, esperimentu likatsuak, Matriuska antzezlana eta Adrenalina zientzia-ikuskizuna izango dira, besteak beste. Igandean, berriz, Bizilabe aisialdi tailerretan landutako proiektuak erakutsiko dira.

Subscribe to