Zuzendariaren mezua

Nanozientzia eta nanoteknologian egiten ari diren aurrerapenak gure gizartearen garapen teknologikoaren bihotz-bihotzean daude gaur egun. Eskala atomiko eta molekularrean (nanoeskalan) materia aztertu eta kontrolatzeko egun dugun ahalmenak datozen hamarkadetan objektu berriak diseinatu eta fabrikazio prozesu eraginkorragoak eta merkeagoak garatzea ahalbidetuko du industria-sektore anitzetan.

Pitarke

NanoGUNEn gure helburua Euskal Herria nanozientzia-ikerketaren abangoardian kokatzea da, gizarteak nanoteknologia sorta zabal batek eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko ahalmena izan dezan. Horretarako, erronka zientifiko berriei aurre egin behar diegu Euskal Herriko eta mundu mailako beste ikerketa zentro eta eragile teknologikoekin lankidetza bultzatuz, oinarrizko zientziaren eta teknologiaren arteko distantzia txikituko duten zubiak eraikiz, eta goi-mailako hezkuntza eta komunkikazio ekintzak sustatuz.

Euskal Herria nanozientzia-ikerketaren lehen lerroan kokatzeko helburuarekin, punta-puntako azpiegitura martxan jarri eta nanozientzia eta nanoteknologian ekarpen aipagarriak egiten ari diren ikerlari adituak erakartzen arrakasta izan dugu. Gure jakintza merkaturatzen ere bide ona egiten ari gara nanoteknologia oinarri duten enpresa berriak sortuz eta I+G proiektuetan industriarekin zuzenean lan eginez.

Herrialde txiki bateko zentro txikia izanik, nanomunduak eskaintzen dizkigun aukera guztiak aprobetxatuko ditugu, ezagun eta berezi egingo gaituen esparrua aurkituko dgulakoan. Horixe da txikiaren erronka handia.

Jose M. Pitarke
Zuzendari Nagusia

 

MUGARRIAK

2001 · Eusko Jaurlaritzak 2001-2004 aldirako abiatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak nanoteknologia ikerketako arlo estrategiko bezala hartzen du, euskal enpresen lehiakortasunean eragin handia izateko dituen aukerak medio.

2005 ·Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailak Nanozientziaren Ikerketa Kooperatiboko Zentro bat sustatzeko estrategia abiarazten du.

2006ko otsaila · NanoGUNE irabazi asmorik gabeko erakunde bezala sortzen da. J.M. Pitarke nanoGUNEko zuzendari nagusia izendatzen dute.

2006ko iraila · J. M. Pitarkek nanoGUNEren jarduerari hasiera ematen dio.

2007ko ekaina · NanoGUNEren egoitzaren eraikitze lanak hasten dira.

2009ko urtarrila · NanoGUNEren egoitza inauguratzen da.

2010eko apirila · NanoGUNEk lehen start-up enpresa (Graphenea) sortzen du, inbertitzaile pribatuekin batera, kalitate oneko grafeno-olatak merkaturatzeko eta grafenoan oinarritutako teknologiak garatzeko xedeaz. 

2014ko urtarrila · NanoGUNEk Kanpo Zerbitzuen saila abiarazten du nanofabrikazio- eta karakterizazio-zerbitzu sorta zabala esparru akademikoko zein industria-arloko erabiltzaileei eskaintzeko asmoaz.

2014ko urtarrila · Simune Atomistics sortzen da, lau zientzialari liderren eta nanoGUNEren arteko ekimen gisa, eskala atomikoko simulazioa eta simulazio elektromagnetikoak egiteko helburuarekin.

2014ko uztaila · Ctech-nano sortzen da, Euskal Herriko bi enpresaren (AVS eta Cadinox) eta nanoGUNEren arteko ekimen gisa, estaldura-zerbitzu pertsonalizatuak eta berariazko estaldura-tresnak eskaintzeko.

2014ko urria · Evolgene sortzen da, Repsol Espainiako petrolio-enpresaren Ekintzaileen Funtsak babestutako Ideas programaren baitan.