Etorkizuneko fisikariak bisitan Donostian
Diziplina hori ikasten duten Espainia osoko gazteak biltzen dituen urteko ekitaldirik handiena da Fisikako Ikasleen Espainiako Topaketa (ENEF), eta Bilbon egingo da aurten astebetez. Programaren barruan, 170 ikasle baino gehiagok bisitatuko dituzte asteazkenean, uztailaren 23an, CIC nanoGUNE, CFM, DIPC eta EHUko Kimika Fakultatea.

Jardunaldian, Espainia osotik etorritako 170 ikaslek baino gehiagok zuzenean ezagutuko dute euskal ekosistema zientifikoko lau zentro horiek, bakoitzak bere eremuan, egiten duten lana. Horretarako, zentroetako ikertzaileekin iritziak trukatuko dituzte, eta estatuko gune zientifiko aktiboenetako batek eskaintzen dituen aukera profesional eta prestakuntzakoen berri emango diete. Gainera, Donostian egingo den jardunaldiaren programazioaren barruan, mahai-inguru bat egingo da, unibertsitate-komunitateari irekia.
Espainiako Fisikako Errege Elkarteko (RSEF) Ikasle Taldeak antolatzen du ENEF, Espainiako fisikako ikasle guztiak elkartu, Espainia mailan zein nazioartean aukera berriak eskaini, eta zientzia horren irakaskuntza eta dibulgazioa bultzatzeko.
Topaketaren helburu nagusia da parte-hartzaile bakoitzaren gaitasunak ahalik eta gehien indartzea, eta, horretarako, haien hazkunde pertsonala eta profesionala sustatuko da, hitzaldien, tailerren, lehiaketen, enpresa-azoken, laborategietarako bisiten eta gazteen eta zientzia eta teknologiaren esparruko eragileen arteko konexio-jardueren bidez.
“Fisikaren arloan erreferentziazko zentroak bisitatzeak aukera ematen die ikasleei gaur, hemen eta orain egiten den zientziarekin konektatzeko. Ezagutza akademikoaz harago, halako esperientziek aukera ematen dute bide profesional posibleak irudikatzeko eta grina zientifiko berriak sustatzeko. Ez da egunero izaten fisikaren abangoardian dauden ikertzaileekin hitz egiteko aukera. Jende askorentzat, esperientzia hau inflexio-puntu bat izaten da beren bokazio zientifikoan”, gaineratu dute antolatzaileek.