Related news by tag Nanomaterials

CTECHnano, nahierarako konponbideak industriarentzat

Thin-film coatings edo "geruza meheko estaldurak" deritzen alorrerako konponbideak eskaintzen ditu nanoGUNEren ekimenez eta, AVS eta Cadinox enpresekin elkarlanean, berriki sortutako CTECHnano enpresak. Geruza atomikoen jalkitze-teknologietan (ALD, Atomic Layer Deposition) espezialista da enpresa, eta lantalde oso trebatua du, bezeroaren premiei erantzuteko prestatua.

"Prozesuak eta produktuak garatzeko konponbideak eta aholkularitza ematea enpresei, hori da helburua, bai eta garapen hori euren instalazioetan egiteko tresnak edo baliabide teknikoak ere eskaintzea", adierazi du nanoGUNEko Nanomaterialen Saileko buru eta CTECHnanoren aholkulari zientifiko den Mato Knezek Ikerbasque ikerlariak.

CTECHnanoren bezeroen profila, berriz, hau da: geruza meheko estalduren alorreko premiak asetzeko edo prozesuak eta produktuak hobetzeko konponbide berritzaileak behar dituena. “Merkatu berriak zabaltzeko berrikuntzan oinarritzen diren sektoreak ditugu helburu. Izan ere, duela hogei edo berrogeita hamar urte bezalaxe ekoizten dute sektore askok", dio Mato Knezek. "ALD teknologiaren bidez industria horiei berritzen laguntzea da gure eginkizuna. Materialen funtzionalitate eta propietateak egokitu eta hobetu egin daitezke berrikuntza aplikatuta, eta produktu berriak sortu", gaineratu du. Eskarmentu handia du CTECHnanok zenbait materialetan ALD teknologia aplikatzen. "Material berriak garatzeko bere neurrirako konponbidea behar badu bezeroren batek, guk eskaini egiten diogu, horretarako aukerarik baldin badago behintzat. Badugu laginak estaltzeko behar den tresneria, bai eta nanoGUNEko Nanomaterialen Sailaren eskarmentua ere, teknologia horren erabileran eta garapenean erreferentea", dio Knezek.

Zergatik erabili behar den ALD teknologia?

Materialen propietateak aldatzeko aukera ematen du ALD teknologiak. Substratuaren gainean jalkitzen da nanometro gutxiko geruza mehe bat, eta haren azalera osoa estaltzen du. Jatorrizko materialaren propietateetako askori bere horretan eusteaz gain, beste propietate batzuk bereganatu ere egiten ditu materialak estaldura-mota horiei esker.

Nahi den lodiera horretan film meheak eskala atomikoan jalkitzeko metodo oso doia eskaintzen du ALD teknologiak. Gainera, berehala garatzen dira material desberdinetako geruza anitzeko egiturak. Mikroelektronika eta nanoelektronika modernoetan erabiltzen da, dagoeneko, teknologia hori, prozesuaren doitasuna eta erreproduzigarritasuna direla eta. Normalean, beste jalkitze-prozesu batzuek baino tenperatura baxuagoetan egiten du lan ALD teknologiak; adibidez, hutseko jalkitze-prozesuek, lurrun bidezko jalkitze kimikoak (CVD, Chemical Vapour Deposition), lurrun bidezko jalkitze fisikoak (PVD, Physical Vapour Deposition) eta lurruntze termikoak baino baxuagoetan. Substratu hauskorrekin lan egiteko aukera ematen dute, gainera, prozesatze-tenperatura baxuek; besteak beste, lagin biologikoekin edo polimerikoekin. Alde txiki baina garrantzitsu hori dela eta, ALD teknologia hautatu ohi da zenbait aplikazio berritarako; adibidez, elektronika malgurako eta material konposatuen diseinurako.

Lantalde bikaina

Profesional oso trebatuak ditu enpresa horrek. nanoGUNEren ekimenez sortu zen CTECHnano; ondoren, proiektuarekin bat egin zuten AVS eta Cadinox enpresek. Teknologiamerkatuetan ekipamendua diseinatzen, fabrikatzen, txertatzen, probatzen eta entregatzen eskarmentu handia dute AVS eta Cadinox enpresek. "Bazkide sendo eta idealak dira, biak ala biak, CTECHnanorentzat", dio enpresa proiektuaren buru den David Talaverak. "Hau da garrantzitsuena: bezeroen beharretara egokitzeko gaitasun zientifikoa eta teknologikoa dugu

denok elkarrekin jardunda, eta guztiontzat da hori mesedegarri", adierazi du Talaverak.

CTECHnano helbidea www.ctechnano.com da.

CIC nanoGUNE

Donostiako nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboa xede honekin sortu zen: nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean bikaintasuneko ikerketa egitea, Euskal

Herriko ekonomiaren lehiakortasuna areagotzeko.

AVS

Sektore hauetarako egiten du ekipamendu zientifikoa AVS enpresak (Added Value Solutions): astrofisikaren eta partikulen fisikaren alorretarako, sektore aeroespazialerako, neutroi-iturrietarako eta X izpien arlorako. Goi-doikuntzako tresneria diseinatzen eta egiten du AVSk zenbait sektore zailetarako; besteak beste, huts ultragoiarekin, erradiazioarekin, eremu magnetiko handiekin eta tenperatura kriogenikoekin jarduteko. Tresnak diseinatzeaz eta egiteaz gain, muntatu, azken probak egin eta entregatu ere egiten ditu, EN 9100 arauen arabera. Goi-mailako eduki teknologikoko aplikazioetarako konponbide eraginkorrak, fidagarriak eta berritzaileak eskaintzen ditu AVSk. Enpresa irekia, malgua eta sortzailea da, eta beti dago prest proiektu berriei ekiteko eta desafio berriak bereganatzeko.

CADINOX

Enpresa familiarra da CADINOX, eta 1966az geroztik ari da osagai mekanosoldatuak egiten instalazio berezi eta konplexuetarako. Hona lantegiaren ezaugarriak: Belauntzan dago; 8.600 m2ko azalera estalia dauka; 65 tonarainoko manipulazio-ahalmena du, eta 65 laguneko profesional-taldea, ongi trebatua. Konponbide osoak eskaintzeko behar diren prozesu guztiak egiten ditu: ebaketa, konformazioa, soldadura, prozesu horiei dagozkien saiakuntza ez-suntsitzaileak, gainazalen tratamendua eta azken mekanizatua. Azken probak eta muntaketa mekanikoko probak ere egiten ditu.

NanoGUNE bekak: master ikasleentzako deialdia zabaldu da

Bekak 3.000€koak dira proiektuak irauten duen epe osorako eta ezin dira helburu berbera duten beste laguntzekin bateragarriak. Interesa duten ikasleek aipatutako master titulazioetan izen emanda eta onartuak egon beharko dute laguntzak jasotzeko. Hautagaiek, esteka hau jarraituz proiektuaren eta bekak eskatzeko prozesuaren inguruko informazio guztia topatuko dute.

Bekez gain, beste titulazio ofizialetako master ikasleek ere nanoGUNEko ikerketa taldeen baitan master tesia egiteko aukera dute.

Itxasne Azpitartek jasoko du Master in New Materials masterreko ikasle onenaren saria

“Aurreko astean jaso nuen berria, eta sorpresa handia izan da niretzat. Izan ere, egunerokoan buru-belarri diharduzunean, nolabait “ahaztu” egiten zaizkigu iazko ikasturtean egindako master, ikastaro edo dena delakoak” adierazi du Azpitartek.

Martxoaren 11n jasoko du diploma, Bilboko Bizkaia Aretoan. Izan ere, Master Astea 2016aren barnean, Bizkaiko Campuseko 2014-2015 ikasturteko master-ikasle onenei aintzatespena adierazteko diplomak banatzeko ekitaldia egingo da.

Ikasleei material berrien esparruan sintesi, karakterizazio, propietate eta aplikazioko metodologiarik berrienei buruzko prestakuntza sendoa ematea da masterraren helburua. Horrenbestez, zientziaren esparruan eta, bereziki, material aurreratuen esparruan, erabakiak hartzeko eta taldeko ikerlanak egin ahal izateko gaituko dira.

Udako Praktika Programa: Deialdia zabalik otsailaren 5-a arte

NanoGUNEk Udako Praktika Programan parte hartzeko urteroko deialdia zabaldu berri du.

Aurten, 13 proiektu eskaintzen ditugu 3. eta 4. mailako Fisikako, Kimikako, Biologiako, Ingeniaritzako eta Matematiketako unibertsitateko ikasleei. Programa honen bidez, udan hilabete eta erdiz edo bi hilabetez, puntako ikerketa zentro bateko jarduera bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen zaie. Izan ere, unibertsitateko ikasleak nanoGUNEko ikertzaileekin batera aritzen dira ikerketa-proiektuetan, hala nola nanomagnetismoaren, automihiztaduraren, nanobiomekanikaren, nanogailuen, nanomaterialen, nanoirudiaren edo nanoingeniaritzaren arloetan, besteak beste.

Proiektuei, ordutegiei, ordainsariari eta abar-i buruzko informazioa ondorengo helbidean aurkitu daiteke: https://www.nanogune.eu/eus/udako-praktikaldiak

Hautaketa prozesuan parte hartzeko interesa dutenek mezu elektroniko bat bidali behar dute, otsailaren 5erako, webgunean agertzen den helbidera, beren espediente akademikoarekin eta curriculum vitaearekin. Hautatzen diren ikasleei otsailaren 17 edo 24ean egingo zaie elkarrizketa.

Gazte ikertzaileak trebatzeko Europako bi proiektutan hartuko du parte CIC nanoGUNEk

Europar Batasunaren Trebakuntza Sareetan, munduko hainbat herrialdetako unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta enpresek hartzen dute parte, ikertzaile-belaunaldi berri bat trebatzeko xedearekin. Bikaintasun zientifikoa eta enpresa-berrikuntza bultzatzeko balioko du diru-laguntza horrek, baita ikertzaileen karrera-aukerak sustatzeko ere, haien ekintzailetasuna, sormena eta berritzeko gaitasuna garatuko baitira.

Doktore-titulua ez daukaten eta ikerketako lehen 4 urteak eginak dituzten gazte ikertzaileak trebatzeko dira sare horiek (Early Stage Researcher, ESR ikertzaile esaten zaie gazte horiei). 2018an, lau ESR ikertzaile hasiko dira nanoGUNEn, QuESTech eta HYCOAT proiektuetan, nanoGUNEko Nanogailuak eta Nanomaterialak taldeetan, hurrenez hurren. Lau beka horietako bat eskatzeko aukera zabalik dago zentroaren webgunean: www.nanogune.eu. Elektronika kuantikoaren eta estaldura hibridoen arloetan trebatzeko aukera izango dute gazte ikertzaile horiek.

QuESTech

NanoGUNEko Nanogailuak taldeak “Quantum Electronics Science and Technology training” (QuESTech) proiektuan hartuko du parte, zeinetan Europako aditu-sare bat sortuko baita, elektronika kuantikoaren arloan gazte ikertzaileei abangoardiako trebakuntza eskaintzeko. Proiektu honen helburu nagusia da gailu elektroniko kuantikoak eraikitzea, aztertzea eta sailkatzea. QuESTech proiektuan, 15 ikertzaile trebatuko dira espintronikan, elektronika bakunean, puntu kuantikoetan eta termodinamika kuantikoan. Ikertzaile bakoitzaren ikerketa-proiektuetan, honako garapen teknologiko hauek izango dira kontuan: nanomaterialen hazkuntza, nanoegituraketa, eremu hurbileko mikroskopia, muturreko kondizioen mendeko garraio-neurketa eta kalkulu teorikoak. Dagoeneko, QuESTech proiektuaren emaitza batzuek interes komertziala sortu dute, garabidean dagoen elektronika kuantikoaren industrian.

HYCOAT

Eskala molekularrean diseinatutako material hibridoz osatutako film meheekin aurrerapenak egiteko aukera dago, zenbait arlo garrantzitsutan: ontziratzea eta kapsulatzea, elektronika, bateriak eta aplikazio biomedikoak. Molekula Geruzen Jalkitzea (MLD, Molecular Layer Deposition) da film hibrido ultramehe eta uniformeak hazteko jalkitze-teknika ideala, zeinak zehazki eta era malguan kontrolatzen baititu filmaren lodiera eta konposizio kimikoa eskala molekularrean. NanoGUNEko Nanomaterialak taldeak hartzen du parte HYCOAT Europako Trebakuntza Sarean; sarearen helburua da arlo horietan ondo trebatutako gazte ikertzaile multzo bat osatzea, MLD teknologiaren alderdi guztietan ezagutza sakona izatea, eta estaldura hibridoek izan dezaketen aplikazioari buruzko ikuspegi zabala.

Jose María Pitarke nanoGUNEko zuzendariak dionez, “halako proiektuek izen ona ematen dute nazioartean; ona da, beraz, bai doktoratu aurreko ikertzailearentzat (zeina talde bikain batean trebatuko baita), bai harrerako erakundearentzat (zeinak nazioarteko ikertzaileak hartzen baititu, Europako doktoretza-programa lehiakorrenetako batekin)”. “Gainera —dio Pitarkek—, halako proiektuetan parte hartzeak ateak zabaltzen dizkie etorkizuneko beste proiektu batzuei. Garrantzi handia ematen diote horri Europako Batzordeak eta ikuskatzaileek, finantziazioa emateko garaian”. Azkenik, “aukera ematen du harreman-sare berriak sortzeko, eta onuragarri dira gazte ikertzaileentzat, partzuergoko erakundeekiko lotura handiak sortzen baitira, harremanak aurrera egin baitezake eta onurak ekar baititzake baita programa amaitutakoan ere”, erantsi du.

UPV/EHUko, Tecnuneko, UABko eta UBko ikasleek udako praktikak CIC nanoGUNEn egingo dituzte

Asteartean, ekainak 19an, uda honetan CIC nanoGUNEn praktikak egingo dituzten ikasleei ongietorria eman diegu. Jose M. Pitarke, zentroko zuzendariak, nanoGUNEren ibildideari buruz emandako hitzaldian ikasleen proiektuak zuzenduko dituzten ikertzaileak ere egon ziren.

Praktiketako ikasleak nanoGUNEn
11 ikasleak unibertsitate ezberdinetatik datoz, horien artean, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Tecnun, Bartselonako Unibertsitatea (UB) eta Bartselonako Unibertsitate Autonomoa  (UAB). NanoGUNEk eskaintzen duen esperientzia honek ikerketa lana zertan datzan gertutik ezagutzeko aukera ematen die eta, horrekin, etorkizunean jarraituko duten ibilbide profesionalaren inguruko erabakiak hartzen laguntzea ere badu helburu.

Ikasleak nanoGUNEko ikerketa talde desberdinetan arituko dira lanean, nanooptika, nanogailu eta nanomagnetismo taldeetan besteak beste. Bi hilabete hauetan proiektu bat egingo dute taldeko ikertzaile baten gidaritzapean.

Zenbaitek hilabete hasieran praktikak hasi zituzten eta taldeko lanean sartuta daude erabat. "Egia esan, bat-batean hasi ginen, lehen egunean bertan laborategira eraman ninduten", dio Amaia Ochandorena, UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko ikasleak.

Ikasle guztiek CIC nanoGUNE ezagutzen zuten aldez aurretik eta azpimarratu zuten "ikerketa-zentro garrantzitsu bat dela" eta "gai interesgarriekin lan egiten duela".

Ikasle hauentzat, eta gradu ikasleentzat oro har, nanoGUNEk zentroarekin harremana izateko aukera ematen die Gradu Amaierako Lana  edo Master Amaierako Lana eginez, azken honetarako urtero beka deialdi bat ere egiten duelarik.

Itsasoetan plastikoen presentzia murrizteko eta saihesteko erronka soziala eztabaidagai

Gure ozeanoetan plastikoen eta mikroplastikoen presentzia murrizteko eta saihesteko erronka soziala zeharka eta modu irekian aztertu zen, egun eta erdiko europar jardunaldi horretan. Mikroplastikoak plastiko txiki-txikiak dira, hiru dimentsioetan 5mm baino txikiagoak direnak eta ozeanoetako biztanleek erraz irentsi ditzaketenak. Zehatzago esanda, hiru helburu nagusi hauek lortu nahi ziren: ozeanoaren egoera eta egungo ondorioak ulertzea, konponbide posibleak partekatzea eta gai horri buruz dauden arazoak eta oztopoak identifikatzea, erronka hori lortzeko moduko errealitate bat bilaka dadin.

Europa osotik etorri ziren parte-hartzaileak: Portugaletik, Greziatik, Alemaniatik, Esloveniatik… eta esparru ezberdinetako jendea bildu zen jardunaldian: zientzia, teknologia, industria, eragile politikoak eta gizartea oro har. Esparru horiek ordezkatuz egon ziren, esaterako, Europako Batzordearen Itsas eta Arrantza Gaien Zuzendaritza Nagusia (DG MARE), Nestlé España, Duni eta SUEZ enpresak eta unibertsitateetako ordezkariak (UPV, Salerno (Italia), Leuphana (Alemania), eta abar), ikerketa-zentroak eta Europako GKEak.

17 parte-hartzaileko taldeak honako galdera hau egin zuen: zeintzuk dira ozeanoetako plastikoak eta mikroplastikoak murrizteko edota prebenitzeko beharrezkoak diren ekintzak? Europar Batasuneko erabilera bakarreko plastikozko produktuen produkzioan, material horien birziklatzean, herrialde azpigaratuei "zaborra" esportatzeko kuotetan eta errausketarako aukeretan oinarrituta, hurrengo 5 urteetan plastikoa murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko beharrezkoak diren ekintzak identifikatu zituzten. Horretarako, erraz eskuratzeko moduko informazio gardena sortu behar zela nabarmendu zuten eta, ekonomia zirkularraren garrantzia azpimarratu zuten. Azken horrek plastikozko zaborraren erabilera lehengai gisa erabiltzea proposatzen du, plastikozko produktu berriak ekoizteko. Gainera, ildo horretan, etiketa ekologiko bat sortzea proposatu zuten, informazio ulerterraz eta gardena eskainiz kontsumitzailea produktu edo ontziratze horren eragin globalaren jakitun izateko.

Mota honetako jardunaldiak Europako Batzordearen ikerketaren eta berrikuntzaren estrategia baten baitan daude. Estrategia horren helburua da gaur egungo gizartearen erronka konplexuak zeharka jorratzea gizartearen beharrekin eta itxaropenekin hobeto lerrokatzen diren irtenbideak eraikitzeko. NanoGUNEko Nagore Ibarra Gonzalez eta Mato Knez ekitaldiaren koordinatzaileen hitzetan, "jardunaldi horiek ikerketa eta berrikuntza jasangarriak bermatzen laguntzen dute gizakion, ingurumenaren zein ekonomiaren arloan". Ekitaldia oso positiboki baloratu dute antolatzaileek eta parte-hartzaileek, eta "interes handia erakutsi dute ildo horretan lanean jarraitzeko eta erronka horri erantzuteko konpromisoa hartzeko", gaineratu dute.

Plastikoaren ordezkoak nanoGUNEn

Plastikoren ordezkoak aurkitzeko kontzientzia sozialarekin bat eginez, ontziratze erabat biodegradagarria eskaini dezakeen teknologia baten aldeko apustua egin du nanoGUNEk. Ainara Garcia Gallastegui nanoGUNEko Teknologia Transferentziako arduradunak azaldu duenez, "esnearen kaseina bezalako azukre edo proteina naturalekin zuntz-egiturak sortzeko gaitasuna duen teknologia bat garatu dugu". Garatutako konposatu horiek, adibidez, zuzenean elikagaien ontziratzean erabil daitezkeen film bilaka daitezke, ontziratzeko plastikoa ordezkatuz. Era berean, erabilera bakarreko ontziratzeko plastikoa ordezkatzeko beharra ikusita, begiradak kartoizko ontziratze baterantz doaz. "Gure teknologiak — azaldu du Garcia Gallasteguik — kartoiaren gainean erabat biodegradagarria den estaldura bat eskaini dezake, elikagaiaren eta ontziratzearen gainazalaren artean behar diren propietateak eskainiz". Azken batean, "erronka da plastikorik gabeko ontziratze bat sortzea, baina bere funtzionaltasun osoa mantenduz" gehitu du.

Elkarrizketa edo eztabaida horren guztiaren emaitzak eta bateratzea laster argitaratuko dira webgunean: https://www.nanogune.eu/event/plastics-our-ocean-micro-or-macro-challenge

Unibertsitateko ikasleek udako praktikak egiteko deialdi berria egin du CIC nanoGUNEk

Programa horri esker, Fisikako, Kimikako, Biologiako eta Ingeniaritzako 3. eta 4. mailako unibertsitateko hamar ikasleri hilabete eta erdiko edo bi hilabeteko praktikaldia egiteko aukera emango die nanozientzian espezializatutako euskal zentroak. Unibertsitateko ikasleak nanoGUNEko ikertzaileekin batera arituko dira ikerketa-proiektuetan, hala nola elektroi/spin fenomenoak eta magnetismoa, nanoeskalako optika, nanoeskalako materialak eta nanobioingeniaritza arloetan.

Interesdunek otsailaren 16a baino lehen nanoGUNEren webgunean egin beharko dute Udako Praktika Programan parte hartzeko eskaera. NanoGUNEren webgunean (www.nanogune.eu) aurkitu dezakete ikasleek deialdiari buruzko informazio xehea.

Kautxua optimizatzeko elkarlanean dihardute CIC nanoGUNEk eta CIKAUTXOk

Kautxua elastomero-mota bat da, oso erraz deformatzeko gai diren polimero elastikoak. Elastomeroen ezaugarri nagusia da material horiek hautsi aurretik elongazio edo elastikotasun eta malgutasun handia dutela.

Eusko Jaurlaritzaren ELKARTEK Arlo Estrategikoetako Lankidetza Ikerketarako Laguntzen Programaren barruan dago proiektua. Hiru proiektu-mota finantzatzen dira, eta 2. motako proiektuetan kokatzen da hau. Proiektu horiek industria-potentzial handia duten ikerketa-proiektuei dagozkie.

CIC nanoGUNEk patente-zorroa handitu du

Aplikazio-eremuen aniztasun horrek egiaztatzen du nanozientziaren ikerketak aldakortasun handia duela, eta metodo eta teknologia lizentziadunak gehitzeak agerian uzten du industria-prozesuak eta -produktuak hobetzeko eta horiei balioa eransteko gaitasuna. “Gure helburua da bikaintasuneko ikerketa egiten jarraitzea eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko gai diren garapen zehatzak sektore ekonomikora transferitzea”, azaldu du Ainara Garcia Gallastegui nanoGUNEko teknologia-transferentziaren arduradunak.

CIC nanoGUNE ikerketa-zentroan garatutako teknologia batek berrikuntza sustatzen du ehungintza-sektorean

Ehungintzan, berrikuntza ez da soilik diseinuan eta modan gertatzen. Industriak eta merkatuak gero eta ehun berritzaile gehiago eskatzen dituzte, diseinatu diren erabileretara egokituko direnak. Nanoteknologiak, azken hamarkadetan, hainbat teknika garatu ditu, materialen propietateak “neurrira” aldatzeko. Hori dela eta, aliatu ukaezina da gure jantziei propietate berriak emango dizkieten zuntz berriak garatzeko: erresistentzia handiagokoak, iragazgaitzak, izpi ultramoreetatik babesteko balio dutenak, mikrobioen aurkakoak, orbanen aurkakoak eta abar.

Subscribe to