NanoGUNEren Dorre Kuantikoa —The Quantum Tower— eraikitzen hasi da
Nanozientzia eta nanoteknologia ikertzen dituen euskal zentroa teknologia kuantikoen aldeko apustua indartzen ari da, siliziozko txip kuantikoak garatzera bideratutako 1.500 m²-ko zabalkuntza honekin. Dorre Kuantikoak teknologia kuantikoen erreferente gisa finkatuko du nanoGUNE. Bertan kokatuko dira nanoGUNEren laborategi berriak nahiz teknologia kuantikoetako Quantum Motion scale-up enpresa britainarraren filiala.

Imanol Pradales Lehendakariak CIC nanoGUNEren bigarren dorrearen – Dorre Kuantikoaren -eraikuntzari lotutako proiektua aurkeztu du gaur goizean, José Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariarekin batera. Dorre berrian, nanoGUNEren Hardware Kuantikoko ikerketa-talde berri baten laborategiak eta Quantum Motion Donostiako filiala egongo dira. Enpresa hori aitzindaria da erdieroaleen teknologian oinarritutako txip kuantikoak garatzen.
Imanol Pradales Lehendakariak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak zientzia, teknologia eta berrikuntzako ekosistema bat eraikitzeko duen konpromisoa, unibertsitateen eta ikerketa-zentroen arteko lankidetzan oinarritua. Horrez gain, ahaleginak arlo estrategikoetan ardazteko beharra azpimarratu du Pradalesek: “Herri txikia gara eta horrek hautatzera behartzen gaitu. Indartsuagoak garen edo estrategikotzat jotzen ditugun arloetan ahalegin berezia egitera”. Ikuspegi horrekin, Euskadi nazioarteko erreferente bihurtzeko nahia adierazi du: “Ikerketa-ekosistema aurreratua eta mundu mailan aintzatetsia izatea nahi dugu. Kontzertu akademikoaren arlo jakin batzuetan aktore garrantzitsu bihurtzeko. Horretarako ez da nahikoa unibertsitate onak izatea, badauzkagu eta. Beharrezkoa da beste urrats bat ematea eta maila goreneko unibertsitate eta ikerketa erreferentzia bilakatzea”.
Era berean, CIC nanoGUNE bezalako zentroek talentua erakartzeko eta ezagutzaren ekonomia bultzatzeko egiten duten lana nabarmendu du: “CIC nanoGUNEk bi helburu horietara hurbiltzen laguntzen digu”. Azkenik, kuantikaren inguruan ekosistema zientifiko bat garatzearen aldeko apustua azpimarratu du: “Apustu honek Europan erreferente izan nahi dugun lasterketa kuantikoan urrats bat gehiago ematen lagunduko digu. Horretarako, ekosistema zientifiko oso bat eraikitzen ari gara, kuantikari lotua, eta haren inguruan industria eta ekonomia indartsu bat ere garatzen ari gara”.
Dorre kuantikoaren eraikuntza nanozientzia eta nanoteknologiako zentroa teknologia kuantikoen alde egiten ari den apustuaren erakusgarri da. “NanoGUNEk beti lan egin du nanozientzia kuantikoaren arloan. Orain, Fernando González-Zalba buru duen Hardware Kuantikoaren talde berriak puntako azpiegitura izango du dorre berrian txip kuantikoak diseinatu eta aztertzeko, eta, gainera, Quantum Motion enpresa britainiarrarekin lankidetzan egingo du”. Garatuko dituzten konputazio kuantikoko prozesadoreek konplexutasun handiko arazoak konpontzen lagunduko digute, hala nola, botika berriak edo material jasangarri berriak diseinatzen”, azaldu du José María Pitarkek, nanoGUNEko zuzendariak.
Fernando González-Zalba Ikerbasque ikertzaileak zuzentzen duen Hardware Kuantikoko ikerketa-talde berriak azken belaunaldiko ikerketa-azpiegitura izango du Dorre Kuantikoan: besteak beste, tenperatura baxuko sistema aurreratuak eta abangoardiako hardware kuantikoa diseinatzeko eta karakterizatzeko behar diren doitasun handiko tresna elektronikoak. González-Zalbak azpimarratu du helburu duela “Europa hegoaldeko ikerketa kuantikoko instalazio aurreratuenetako bat eraikitzea”.
NanoGUNEren apustuak silizioan oinarritutako txip kuantikoak ditu ardatz —gure ordenagailu, telefono adimendun edo ibilgailuen mikroprozesadoreetako material bera erabilita—, urteetan garaturiko erdieroale-industriaren azpiegitura eta ezagutzaz baliaturik. Siliziozko puntu kuantikoak siliziozko plataformetan integratuko dira, qubit —gailu kuantikoen oinarrizko informazio-unitatea— gisa jardun dezaten konputazio kuantikorako eta, oro har, teknologia kuantikoetarako. Teknologia hau etorkizun handikoa da, konputazio kuantikoaren miniaturizaziorako, berrikuntzarako eta garapen teknologikorako aukera berriak zabaltzea ahalbidetuko baitu.
Teknologia honetan aitzindaria den Britainia Handiko Quantum Motion enpresak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen iazko ekainean nanoGUNErekin. Hitzarmen horri esker, Quantum Motion enpresaren filiala sortu da Euskal Herrian. Egoitza nanoGUNEren dorre kuantikoan izango du eta bertan elkarlan estuan jardungo du nanoGUNEko hardware kuantikoko ikerketa-taldearekin. Aurreikusten da hemendik urte batzuetara 50 ikertzailetik gora arituko direla nanoGUNEko hardware kuantikoko ikerketa-taldean Quantum Motion-ekin sinaturiko hitzarmenaren esparruan.
NanoGUNEren Dorre Kuantiko berria eraikitzea bat dator Eusko Jaurlaritzak teknologia kuantikoak bultzatzeko eta nazioartean arlo horretan erreferente bilakatzeko duen estrategiarekin. Hala, abangoardiako azpiegitura zientifiko bat eskainiko da, eta horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia, teknologia eta berrikuntza ekosistema indartuko du..
Gaurko ekitaldian, Imanol Pradales lehendakariaz eta José Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariaz gain, Juan Ignacio Pérez Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, Javier Martínez-Ojinaga nanoGUNEko presidente eta CAFeko kontseilari delegatuak, Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak eta Maialen Agirre Berrikuntzako zuzendariak hartu dute parte. Aurkezpenaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek gertutik ikusi ahal izan dute eraikuntza-lanen aurrerapena, eta nanoGUNEko gaur egungo laborategiak bisitatu dituzte, Fernando González-Zalba Hardware Kuantikoko ikerketa-taldeko buruarekin eta Ainara García nanoGUNEko Teknologia Transferentziako zuzendariarekin batera.